Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek Maiatzaren Lehenaz aritu da gaurkoan, bihar ospatuko den eguna “lan eskubideak, justizia soziala eta, batez ere, demokrazia, aldarrikatzeko eguna izango dela” nabarmenduta, “ez baita demokratikoa pertsonak etxegabetzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea edota herritarrak langabeziara, miseriara eta prekarietatera kondenatzea”. Horregatik, Euskal Herriko kaleak zeharkatuko dituzten sindikatuen elkarretaratze desberdinetan parte hartzeko deia egin du.
Alternatibatik uste dute “ezinbestekoa eta premiazkoa” dela borroka sozialerako esparrua sortzea: “Iruñeko, Gasteizko eta Madrilgo gobernuen eskutik eraso forma duten erreforma zitalak eta murrizketa izugarriak, zein botere finantzarioek diseinatutako Barcina, Urkullu eta Rajoyren zurikeriazko politikak pairatzen dituzten herritarrak jabetu behar dira”. Agirresarobek, era berean, gogorarazi nahi izan du kapitalismoaren eta bere ondorioen kontrako borrokan ez dela aski ongizate sistema delakoa berresartzea, izan ere “ez dezagun ahaztu herritarren erdiek, emakumeok, finantzen sistemak estanda egin askoz lehengatik ere bizi baldintza duinarik ez zutela. Eta orain, sistema berreraikitzeko emakumeak etxeko lanetara kondenatu nahi dituzte berriz, haien gorputzaren gainean erabakitzeko gaitasunaere kendu nahi diete eta aitortza zein soldatarik gabeko lanak egitera mugatu nahi dituzte”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, bukatzeko, honen beharra azpimarratu du: “botere finantzarioen, enpresaburu handien eta hauekin kidetasuna duten alderdi politikoen arteko hitzarmen irmoarekin bukatuko duen harresi soziala eraiki behar dugu”. Adibide bezala Gipuzkoan gertatutakoa aipatu du Adegi patronalak Politika Sozialeko Sailaren kontra jarritako salaketaren harira, lurraldeko zahar-etxeetako eta eguneko zentroetako langileen eskubideak bermatuko dituen proposamena aurkeztu ostean; “aipagarria da, eta gatazkaren adierazgarri ezin hobea ere, patronala berak aitortu izana lehenengo aldiz instituzio batek langileen alde egiteko esku hartu duela”.