Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurraldeko egoitza eta eguneko zentroetan eragina izaten ari den gatazkarekin amaitze aldera, adinekoen arretarako sektorearen patronalei eskaintza berria aurkeztu diela jakinarazi du. Horren arabera, Gizarte Politikako Departamentuak beste milioi euro bideratuko du errekurtso hauek kudeatzeaz arduratzen diren entitateei ordaintzen zaien tarifa handitzeko, betiere Espainiako lan erreformari uko egin eta sektoreko 4.800 langileen eskubideak ez zapaltzearen baldintzarekin
Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azaldutakoaren arabera, pasa den asteartean Diputazioak bilera izan zuen Lares patronalarekin eta Adegiren kide diren hainbat enpresetako ordezkariekin. Bilera horretan Administrazioak eskaintza berria aurkeztu zuen, kudeaketaz arduratzen diren entitateei egoitzetan hitzartutako plaza bakoitzeko Diputazioak ordaintzen dien tarifa ekonomikoaren igoera suposatuko lukeena: “Kudeaketa entitateen eskaera ekonomikoen parte bat onartzeko prest gaude, baldin eta langileen duintasuna errespetatu eta zerbitzuaren kalitatea bermatzen badute. Lan eskubideak errespetatzearen konpromisoa hartzen duten egoitzek bakarrik aterako diote etekina Diputazioaren proposamenari. Espainiako lan erreforma aplikatzen dutenei, berriz, ez diegu tarifarik igoko”.
Diputazioak egonaldi, mantenu edota garbiketa gastuak (tarifaren %30a) bere gain hartzen duen tarifa abonatzen du hilero, baita langileriaren gastuak (tarifaren %70a) ere. Gizarte Politikako departamentuak lan-zatiari KPI aplikatzea erabaki zuen 2012. urtean, gainontzeko gastuak bere horretan utziz. Pasa den asteartean aurkeztutako eskaintza berriarekin, berriz, bere horretan utzitako zati hori berreskuratzearen konpromisoa hartzen du Gizarte Politikako departamentuak, tarifa %0,7a igoz.
Igoera hau Diputazioak aurkeztutako hitzarmen proposamenari baiezkoa ematen dioten enpresei aplikatuko zaie edo, egotekotan, sektorearen Lurralde mailakoari.
Kantitate hau sektoreko 4.800 langileen soldatei datozen bi urteetan KPIaren igoera aplikatzeko Foru Administrazioak mahai gainean jarritako 8,2 milioi euroei gehituko zitzaion, betiere patronalek lan baldintzak errespetatzen dituen hitzarmena sinatzen badute.
Gizarte Politikako diputatuaren hitzetan, “mahai gainean jartzen ditugun 9,2 milioi euro horiek agerian uzten dute gatazka hau gainditzeko dugun konpromisoa, arreta eskaintzen diegun adinekoen galerak saihestu eta sektoreko langileen duintasuna errespetatzeko. Ulertezina litzateke patronalek proposamen honi uko egitea, langileria prekarietate eta ezegonkortasunera kondenatuz”. Era berean, “Diputazioarekin izandako bileretan Laresek prozesu honetan errespetuz eta jarrera eraikitzailearekin jokatu izana” azpimarratu du Rodriguezek, horregatik konfiantza osoa dauka “proposamen berri honetan gatazkaren amaierarako giltza aurkituko duela”.
Adegiri dagokionez, “sektoreko langileentzako Diputazioak mahai gainean jarritako 8,2 milioiak nahikoak ez direla esaterakoan gezurretan ari” dela esan du diputatuak. “Euren asmoa diru horrekin Administrazioak kontratatzen dituen enpresek jasotzen duten etekin industrialari Diputazioak aplikatutako %2ko murrizketa estaltzea da, eta hori ez dugu onartu behar”.