Bilduko Udal Taldeak salatu du Bilbon izandako azken eraso sexistak emakumeek 2011n Hiri Debekatuaren Mapa osatzean salatutako gune ilunetan jazo direla. Ana Etxarte zinegotziak premiazko neurriak hartzea eskatu dio Berdintasun arloko zinegotziari gaur izandako agerraldian.
Aipatutako diagnostikoa egiteko 218 emakumek parte hartu zuten urte eta erdiko lansaioetan. Bertan 236 gune ilun detektatu ziren “eta horietako asko konpondu gabe daude egun eta eraso sexistak izaten jarraitzen dute”, adierazi du Etxartek.
Zinegotziak salatu du Udaleko Obra eta Zerbitzuetako sailak ez duela konpondu gune ilunek sortzen duten segurtasun eza.
Bilduk gogoratu du 2011ko apirilean talde soberanistak Obra eta Zerbitzuak sailari planifikazio bat eskatu ziola. “Eta orduan jasotako erantzuna gaur eman diguten berdina izan zen: erabilgarri dauden giza baliabide eta baliabide teknikoak erabiltzen ari direla. Eta hortxe bertan dago akatsa: udalak ez duela bideratzen behar bezalako diru-partidak gune ilun guztiekin amaitzeko”, azpimarratu du Etxartek.
Gai honekiko udalak erakutsitako jarrera “pasiboak agerian utzi du, beste behin ere, indarkeria sexistaren kontrako borroka Udal honen lehentasuna ez dela”. “EAJri ez zaio ardura emakumeok beldurrez ibiltzea leku eta ordu jakin batzuetan. Hiriko hainbat lekutan pasatzean beldurra izaten jarraituko dugu”, adierazi du Bilduko zinegotziak.
Bilduk deia luzatu dio Berdintasun sailari ekimenak aurrera eramateko emakumeek indarkeria sexistaren aurrean nola defendatu eta nondik sortzen den jakin dezaten. Zentzu honetan, Etxartek argi dauka autodefentsa feminista dela eraso sexistei aurre egiteko armarik eraginkorrena.