Alternatibaren Bilboko bozeramaile Asier Vegak Askegune berrian, Ondarroako Zumardian, erakutsitako herri duintasun eredua txalotu du, zeinetan ehunka lagunek “delitu ezagun bakartzat militantzia politikoa duen gazte bat” babesten eguneko 24 orduak eman dituzten. Baina atxiloketaren gainetik ere, Alternatibatik nabarmendu dute Donostiako Boulevarden gertatu bezala, “Ondarroa erresistentzia bakezalearen, herritar duintasunaren eta elkartasunaren eredu bilakatu dela mundu osoaren aurrean”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du Alkortaren aitortza torturapean lortu zutela, berak salatu zuenez, eta Nazioarteko Amnistia bezalako erakunde batek Espainiako Erresuman “tortura estatuaren egiturazko arazoa” dela esan berri duela; horri gehituta nazioarteko epaitegi ugarik diotela tratu txarren eta irainen salaketak ez direla behar bezala ikertzen. Era berean, Arartekoak berak eskatu zituen atxiloketa honi buruzko agiriak, “inoiz lortu ez zituen arren”.
Bestaldetik, Vegak bertan egon diren pertsonak zoriondu ditu: “haien elkartasun aktiboa eta bortizkeriarik gabeko herri erresistentziarekiko konpromisoa erakutsi dutelako, herri honetan soluzioaren eta bakearen alde nor dagoen eta nor ez dagoen agerian utziz”. Aldi berean, Iñigo Urkulluren gobernuaren eta polizia agintarien jarrera deitoratu du, berriro ere, beharrezkoa ez zen bortizkeria erabili duten eragileen ikuskizun tamalgarriak errepikatzea ahalbidetu dutelako; “gure koalizioko kide Maribi Ugarteburu mehatxatu badute honek legebiltzarkide txartela erakutsi arren, zer ez zuten egingo bertan zeuden pertsonen kontra”.
Bukatzeko, Alternatibatik azpimarratu dute “euskal gizartearen gehiengoa Euskal Herriko pertsona guztien eskubide osoak berreskuratuko dituen prozesu ekonomikoaren alde” dagoela eta horren harira, gaurko deitutako elkartasun manifestazioetan parte hartzera deitu dute.