Egoera honetatik ateratzeko politika aldaketa sakonak behar dira. Eta horrela azaldu dugu izan garen eremu guztietan. Aldaketa horiek lau zutabe nagusitan kokatzen ditugu:
-Ezinbestekoa da politika fiskal berri bat, justizia sozialean oinarrituta
-Bitartean, zorpetze publikoa erabili behar da
-Murrizketa sozialen inposizioa moztu eta alternatibak bideratu
-Bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitzeko eta enplegua sortzeko plan integrala
Honen aurrean PNVren erantzuna ezkorra izan da beti, eta hori oso kezkagarria da, ezetzarekin batera betiko errezetekin jarraitzea erabaki dutelako. Politikak eta ereduak aldatzeko borondaterik ez dutela adierazi dute behin eta berriro Madrilekiko duten menpekotasuna azalaraziz.
Horrekin argi adierazten dute ere burujabetza ariketa minimo bat egiteko asmorik ez dutela ere eta horren ondoriak gizarteak ordainduko ditu, ez baita garapen sozial eta ekonomikorako alternatibarik eskaintzen. ¿Non dago gure politikak eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea?
Egun hauetan zorpetzearen balizko gehikuntza baten inguruan ematen ari den eztabaida salatu behar dugu: Zergatik erabaki behar du Bruselak edo Madrilek gure zor publikoa? Nola aplikatu dakioke gure herriari Valentziari aplikatzen zaion lege bera? Eztabaida hau ekiditen ari da Urkullu, ihes egiten ari da sakoneko arazoari aurre ez egiteko: burujabetza falta.
Bigarrenik, eta edonola ere, gehiago zorpetzeko aukera egongo bada, guk argi eta garbi esaten dugu prest gaudela gehiago zorpetzeko eta horren inguruan akordio bat bilatzeko. Hori bai, une honetan Urkulluren gobernua planteatzen ari dena, bai edukietan bai formetan, erabat okerra dela uste dugu.
Edukiei dagokionez, Urkulluk aitortu behar du gaur arteko neurri eta politikek porrot egin dutela. Norabide berdinean, baina diru gutxiagorekin, aurrera egin nahi izateak herri hau hondamendira daramatza. Herri honetan bestelako eredu sozial baterantz urratsak emango dituen plana egin behar da eta beraz, egon daitekeen dirua edo zorpetzerako aukera norabide berri horretan jarri behar da eta ez atzeratua dauden obrak nola amaitu daitezkeen bermatzeko. Beste norabide batean eraikitzeko, enplegu duina sortzeko eta eredu berri baterantz abiatzeko bestelako inbertsioak egin behar dira, hasieran planteatu ditugun lau zutabeen arabera.
Eta formei dagokionez, argi esan nahi dugu eztabaida hau ezin dela geratu lau hormen artean eta lau instituzioetako ordezkarien artean. Instituzioetako plenoek izan behar dute hitza, alderdiek ere bai, eta nola ez, eragile sozial eta sindikalek. Ezin zaio eztabaida gizarteari lapurtu!
Ondorioz, eta egoera ekonomikoaren larritasuna ikusirik, Urkulluri deia luzatzen diogu eragile politiko, sozial eta sindikalen arteko hausnarketa zabaldu dezala batetik, eta era berean ez dezala ekidin gai hauen inguruan hiru baztar nagusietan eta Gasteizko parlamentuan eman behar den ezinbesteko eztabaida, hausnarketa eta erabakia. Eragileekin egon eta gero bertan erabaki behar baita zer eta nola erabili zorpetze berria.
Azkenik, esaten dugu zorpetze hori alperrikakoa izango dela ez badugu sakoneko politika fiskalaren berrikuspena egiten eta bestelako eredu sozial alternatibo baterantz lehen urratsak ematen.