Alternatibako bozeramaile eta Gasteizko legebiltzarkide Diana Urreak “Kolonbiako bakearen aldeko foroan” parte hartuko du gaurtik igandera arte, Porto Alegren, Brasilen. Marcha Patriotica mugimendutik eginiko lan luzearen emaitza da topaketa, Brasil, Argentina, Uruguay zein Kolonbiako eragile desberdinekin izandako harremanen ondorio.
Helburua Kolonbiako gerrari konponbide politikoa bilatzeko eztabaida sustatu eta nazioartetik elkartasuna bilatzea da, ondorengo oinarriekin: “justizia sozialean, burujabetzan eta demokrazian oinarritutako bakea eraikitzea; Kolonbiako gobernuaren eta FARC-EP gerrillaren arteko elkarrizketa mahaian mugimendu sozialen eta herritarren parte-hartze zuzena ematea; bi aldeen su etena elkarrizketa prozesuak iraun bitartean; ELN eta EPL mugimenduekin bake elkarrizketak abiatzea; gure Amerikako herrien arteko elkartasunaren indartzea”.
Foroak Latinoamerika zein Europako hainbat erakunde politiko eta sozialetako ordezkarien parte-hartzea izango du, Alternatibako kide Diana Urrearena kasu. Harekin batera gonbidatutako pertsonen artean, besteak beste,Piedad Cordoba, David Florez, Graciela Jorge, Pedro Lantieri, Socorro Gomes edo Araceli Ferreira nabarmendu daitezke.