Alternatibako bozeramaile, eta alderdiko Mahai Ekologistako kide, Asier Vegak, irmo salatu du gaur Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak iragarritako erabakia, Garoñaren jabe Nuclenor enpresari urtebeteko epe berria eman diolako Garoñaren bizitza luzatzeko, orain arte behin betiko itxiera datorren uztailaren 6rako aurreikusita zegoen arren. Erabakia, esan duenez, “energiaren sektoreko enpresa handiekiko klase politikoak, eskumak bereziki, duen menpekotasunaren froga argia” da.
Alternatibak aurretik adierazi duenez, Garoñako zentral nuklearraren itxiera “ezinbestekoa bezain premiazkoa” da, dagoeneko amortizatua dagoelako eta, besteak beste, “zaharkitua dagoelako eta segurtasun gabeziak zein arrisku anitzak dituelako”. Vegak gogorarazi du argudiorik ez dagoela zentrala zabalik mantentzeko: “une honetan eta azken urteetan egiaztatu denez, Espainiako Erresuman eskaintza energetikoak eskaera gainditzen du, eta esportatu ere egiten da; ezin daiteke, hartara, menpekotasun energetikoaren aitzakia erabili”.
Guzti horregatik, Alternatibatik bihar larunbata Gasteizen Araba Garoñarik gabe herri ekimenak deitutako kontzentrazioan masiboki parte hartzera deitu dute. Eguerdiko 12:00etan izango da elkarretaratzea, Aldundiaren aurrean, “Nuclenor, gobernua, PP ez izan lotsagabeak!” lemapean. Alternatibaren ordezkaritza zabala bertaratuko da protestara, besteak beste, Arabako koordinatzaile Josu Estarrona izango da bertan.