Emakumeen kontrako azkeneko erasoek, Laudion duela bi aste baino gutxiago eta Bilbon atzo bertan, agerian utzi dute, EH Bilduren iritziz, indarkeria matxistaren aurkako emergentziazko plan integral baten beharra, prebentzio politikak sustatzeko, instituzio bakoitzaren eskuduntzak zehazteko eta biktimei eman beharreko erantzuna koordinatua izan dadila bermatzeko.
Halaxe eskatuko dio koalizioak datorren ostiralean Legebiltzarrean, Kontrolerako Osoko Bilkuran, Urkullu lehendakariari, Diana Urreak eta Arri Zulaikak gaur iragarri dutenez. EH Bilduko legebiltzarkideek “emakumeok pairatzen dugun egoera bortitz horri erantzun sendoa eman diezaiola” eskatu diote Jaurlaritzari, eta ohartarazi dute “gizarte prestazioetan edota lan baldintzetan egiten ari diren murrizketak emakumeon kontrako egiturazko indarkeria eta babesgabetasuna areagotzen ari direla”.
Horren aurrean, EH Bilduk emergentziazko plan integral bat proposatu du. Urreak eta Zulaikak azaldu dutenaren arabera, plan horren funtsezko ezaugarria izango litzateke erasotzaileen etengabeko jazarpen eta zaintza, “beraiek izan daitezen kontrolpean daudenak, eta ez euren biktimak, eta horretarako Berdintasunari buruzko Legea aldatzea beharrezkoa baldin bada, alda dezagun”.
Halaber, Urreak eta Zulaikak lan-mahai bat sortzea proposatu dute, “adituek eta mugimendu feministak modu iraunkorrean eta aktiboan parte harzeko tresna gisa, indarkeria matxistaren aurkako borrokan gaur egun martxan dauden politikak aztertzeko eta proposamen berriak egiteko”.
EHBildu: http://ehbildu.net/eu/albisteak/gasteizko-legebiltzarra/2491-eh-bilduk-indarkeria-matxistaren-aurkako-plan-integrala-eskatu-du-eta-murrizketek-emakumeen-babesgabetasuna-areagotzen-dutela-ohartarazi-du