Kultur Alternatibak hitzaldi irekia antolatu du biharko, ekainak 6 arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Donostiako Koldo Mitxelenan, sektore honetako egoera eta borroka aztertzeko, egun 4.800 lagunei eragiten diena. Amaia Agirresarobe Alternatibako Mahai Feministako ordezkariak moderatzaile lanetan ariko da eta Manu Egaña Oñatiko Ongizate Zerbitzuetako zinegotziak zein Elena Arbina eta Conchi Pereira, Aldakonea eta Sanmarkosene egoitzetako langileek parte hartuko dute.
Alternatibarentzat, ikusezintasun egoera iraunkorrean dagoen zaintza lana azaleratu egin da Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politika Saila eta Adegiren arteko gatazkaren ondorioz. Bestelako administrazioek ez bezala, Gipuzkoako Aldundiak sektorearen lan-baldintzak hobetzearen aldeko pausua eman du, bizitza babesteko erantzukizuna kolektiboa dela oinarritzat hartuta, eta ez enpresa pribatuen negozio aukera gisa. Lehenengo aldiz, zaintzaileen eskubideak, orain arte ahaztuak, instituzio publiko baten kezka dira.
Hala, Aldundiaren eta patronalaren arteko gatazka, enpresen diru-gosearen aurkako borroka bat da, langileen baldintzen eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen kalitatearen gainetik euren etekinak lehenesten dituztenen aurkakoa, hain zuzen. Baina batez ere, gatazka honek herritarrak defendatzeko erantzukizun publikoaren aldarrikapena dakar, herritarren bizitzen zaintzaren alorrean mugarik gabe zabaltzen ari den logika pribatuari aurre eginez.