Alternatibako bozeramaile Asier Vegak larunbat honetan Bilboko kaleak betetzera deitu du, hogei bat elkartek Frankismoaren zigorgabetasunaren eta erregimenaren krimenen kontra deituriko manifestazioarekin bat eginda. Deitoratu duenez, “erregimena gure gizartean, gure kaleetan eta Espainiako Erresumako adierazpen politiko jakin batzuetan oraindik ere oso present dago oraindik”.
Alternatibak, Euskal Herria Bildu osatzen duten gainerako alderdiek bezala, bere atxikimendua adierazi dio deialdiari eta koaliziorekin batera, hurrengo ekainaren 20an Maria Servini de Cubria magistratuak Argentinan diktadura frankistaren garaiko krimenen arduradunen kontra, genozidio eta gizateriaren aurkako delituak leporatuta, jarritako salaketa aurrera eramateko bere babesa emango dio Gasteizko Legebiltzarrean, dagoeneko Donostiako zein Iruñeko Udalek zein Gipuzkoako Batzar Nagusiek egin duten bezalaxe.
Vegak gogorarazi du krimen frankisten kontrako auziaren aldeko euskal plataformak urrunetik, enbaxada argentinarretik alegia, bideokonferentziaren bitartez adierazpenak egiteko aukera izatea espero duela hilabete honetan. Hasiera batean maiatzean egingo baziren ere, Mariano Rajoyren gobernuak egindako presioaren ondorioz bertan behera geratzea lortu zuten. Alderdi ezkertiarretik Madrilen azpijoko hauek salatu dituzte: “Alderdi Popularrak, hainbestetan besteei bortizkeria gaitzestea exijitzen duen berberak, agerian utzi duelako oinordeko zuzena izanik, ezinezkoa zaiola erregimenaren kontra egitea”.
Era berean, neurriak eta konpromisoak exijitu ditu “frankismoak eragindako errepresaliatu eta biktima guztiei aitortza eta erreparazioa eskaintzeko, gaur egun duen zigorgabetasunarekin behin betiko amaitzeko”.