Zerbitzu publikoen kalitatea bermatu eta langileen eskubideak zaintzeko, EH Bilduko legebiltzarkideek egoitzetako langileekin bat egin dute eta Rajoyren Lan Erreforma baliatzeari uko egiteko eskatu diote patronalari.
Gehiengo sindikalak eta hamaika eragilek maiatzaren 30ean deitutako greba orokorrean parte hartzearekin batera euskal jendartearekin hartutako konpromisoari jarraiki, EH Bilduko legebiltzarkideek greba egun horri zegokion soldata kobratzeari uko egin diote eta Gipuzkoako adinekoentzako egoitzetan greba mugagabean dauden langileei bideratu diete gaur Donostian, Bulebarreko akanpadan bertan, hain zuzen. Parlamentarioek koherentziaz jokatzea eta diru kopuru hori horrela bideratzea erabaki dute Legebiltzarreko zerbitzuek azaldu zutelako legalki ezinezkoa zela greba eguneko soldata hautetsien nominatik zuzenean deskontatzea.
Legebiltzarkideek elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diete modu horretan Gipuzkoan euren lan eskubideen alde greban dauden egoitzetako langileei, horren ondorioz pairatzen ari diren egoera ekonomikoa ahal den neurrian arintzeko asmoz. EH Bildu legebiltzar-taldeak eredugarritzat jotzen du langile horien borroka, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera erakusten ari direlako ahal dela zerbitzu publikoen kalitatea mantendu eta langileen eskubideak zaindu, espainiar Gobernuak onartutako Lan Erreformaren murrizketak aintzat hartu gabe.
Horren harira, parlamentarioek egoitzetako gatazka hasi zenetik Aldundiak eginiko bitartekaritza goraipatu dute, horri esker zentro gehienetan jada akordio batera iritsi direlako eta sektoreko langileen %78a Rajoyren erreformatik salbu geratu delako. Halaber, Adegi eta Lares patronalen jokaera salatu eta euren etekin ekonomikoa ziurtatze aldera Lan Erreforma baliatzeari uko egiteko eskatu diete. Enpresa eta entitate gehienek euren langileekiko hitzarmena sinatu dutela ikusirik, agerikoa da Adegik eta Laresek ez dituztela zentro horien interesak ordezkatzen eta hitzarmen kolektiboa sinatzeari ezetz esaten diotela beste interes politiko batzuk defendatzea nahiago dutelako, zerbitzu publikoen kalitatea eta lan baldintza duinak baino.