Koalizioak ezinbestekotzat jo du irrati lizentziak banatzeko lehiaketa publikoaren auziari bi hilabeteko epean erantzuna ematea, eta hala onartu du Gasteizko Ganbarak.
EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamena aintzat hartuz, Legebiltzarrak irrati libre eta komunitarioen esparrua arautzeko eskatu dio Jaurlaritzari, hedabide hauen jarduera bermatze aldera. Izan ere, Unai Urruzunok ohartarazi duenez, “irrati libre eta komunitarioek erreferentzialtasuna eta egonkortasuna lortu dute, eta errealitate horri erantzuna eman behar zaio”. Helburu horrekin, beraz, EH Bilduk erdibideko proposamena hitzartu du EAJrekin, Jaurlaritzak komunikabide horien esparrua araubidean jar dezala eskatzeko. Horren harira, Urruzunok gogora ekarri du irrati libre eta komunitarioak bere garaian lizentziak banatzeko irekitako prozesutik kanpo geratu zirela, eta horri konponbidea eman behar zaiola.
Halaber, Patxi Lopez buru zeukan Gobernuak irrati lizentziak banatzeko abian jarri zuen lehiaketa publikoa baliogabeturik geratu zela eta, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du auzi horri berehalako erantzuna ematea, bi hilabeteko epean gehienez, eta hala onartu du Legebiltzarrak. Urruzunok azaldu duenez, “lehiaketa hartan ezarritako baldintzek ez zuten hemengo errealitatea aintzat hartzen, Madrilen ezarritako talde enpresarialen monopolioa indartzera baitzetozen. Beraz, egungo Gobernuari dagokio gaizki egindakoak zuzendu eta, lehiaketatik haratago, sektore osoari zuzendutako ekintza plan bat abian jartzea”. Besteak beste, zeregin horren barruan, Jaurlaritzak irrati esparruan euskararen behar besteko presentzia berma dezala eskatu du Parlamentuak, EH Bilduren eskariari jarraituz.