Alternatibako Mahai Feministako bozeramaile, Diana Urreak, Gipuzkoako gizarteari dei egin dio aurten ere datorren igandean, ekainak 30, Irunera hurbiltzeko “alarde publiko, parte-hartzaile eta parekide bakarrean” desfilatzen duten gizon-emakumeak babestera. Urreak “faltsua” iritzi dio zenbait komunikabidek urtero islatzen duten normaltasun egoerari, izan ere, “normaltasuna etorriko litzateke alarde bakarra egitetik, zeinetan herriko emakume eta gizon guztiek parte hartzeko aukera izango luketen”.
Gipuzkoatik aukeratutako legebiltzarkideak, alabaina, nabarmendu eta aitortu nahi izan du Irunen zein Hondarribian azken 17 urte hauetan borroka egin duten ehunka lagunek lortutako guztia emakumeek beren herriko jaietan parte hartzeko eskubidea izan dezaten: “Era guztietako erasoak pairatu dituzte, erakundeen axolagabetasuna eta poliziaren indarkeria beren aldarrikapenen legezko aitortza lortu arte, tamalez, ez dute lortu gizartearen zein klase politikoaren zati adierazgarri batena”. Edonola ere, jarraitu du, “egun daukagun egoera borrokaren hasierako helburuetatik urrun kokatzen gaitu, alarde bakarra, mistoa, publikoa eta bazterkeriarik gabekoa lortzea”.
Horregatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “egungo statu quoa gainditzera” deitu du, “emakumeen bigarren mailako parte-hartzea bakarrik onartzen duena eta, beti ere desfile nagusiari, alarde pribatu eta baztertzaileari enbarazu egin gabe, Irungo zein Gipuzkoako politikarien tarte zabal baten zilegitasun lotsagarria duena, herriko alkate eta EUDELeko lehendakariorde Jose Antonio Santanotik hasita”.
Urtero bezala, Alternatibako ordezkaritza zabal bat, Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua buru, EHBilduko kideen ordezkaritza oparo batekin batera, Irungo kaleetan izango da alarde publikoa bultzatzen.