Astebete baino ez da falta beharginen lan eskubideen kontra sekula egindako atentatu handienetarikoa gerta dadin; lan itunen ultraaktibitatearen amaiera. Bata bestearen atzetik, azken lan erreformek jaten joan dira langile klasea, hau da, lan harremanetan alde ahulena, babesteko zeuden oinarrizko berme guztiak. Eta orain errematea dator, lan itunak lurperatzea.
Hego Euskal Herrian dozenaka lan itun indargabetuko ditu ultraaktibitatearen amaierak, enpresarien botere handien txotxongiloa den Madrilgo gobernuak hala erabakita. Beraz, milaka beharginen eskubideak ipiniko dituzte galbidean.
Euskal Herriko patronalak denbora darama jada momento honen zain; eta oso kezkagarria da lan itunen amaiera “aukera” bezala aurkeztea, duela gutxi Adegi Gipuzkoako patronalak hitzaldi batean esan zuen bezala. Hitzaldi horren helburu bakarra zen enpresarien klaseari erakustea nola birrindu haien langile plantillak “lan erregulazio berria” erabilita. Lan erregulazio berria deitzen duten hori lan itunen desagerpena da benetan, hau da, lan harremanen des-arautze bat, goitik behera.
Patronalak orain arte Enpleguaren Erregulazio Espedienteen erabilpena eta lan erreformak ekarritako beste hainbat tresnaren erabilpena arrazoitzeko erabiltzen izan duen argudioa “enpresen larrialdi egoera” zen. Baina amaitu da antzerkia; orain maskara kendu dute, eta beraien mezua argia da; patronala dirutza irabazten ari den kasuetan ere, egoera berriari ahalik eta etekin handiena atera behar diola, alegia, soldatak eta lan eskubideak toperaino murriztu, etekin enpresariala ahalik eta gehien handitzeko.
EH Bildutik ohar argi bat egin nahi dugu: lan itunen kontrako eraso honek oraindik ere gehiago pobretuko ditu lehendik ere murrizketak eta aurreko lan erreformen eragina pairatu dituztenak. Soldata jaitsierak, lan baldintzen prekarizazioa eta eskubide sozialen galera eragingo du neurriak; eta guztiok dakigunez, daukaten ondasun eta baliabide guztiak bizirauteko erabili behar izanez gero, kontsumoa ere amildu egingo da. Horrekin batera, lan jardunak luzatzeak oraindik ere gehiago handituko du langabetuen kopurua. PNVren Eusko Jaurlaritzak sektore publikoen luzapenarekin hasitako bidea laster kopiatuko dute enpresetako patronalek…
Gazteenek are gehiago pairatuko dituzte guzti honen kalteak; gaur egun dagoen gazte-langabezia tasarekin bi aukera baino ez baizaie geratzen ari: emigratzea, ala esklabutzatik gertu dauden lan balditzetan aritu. Emakumeok ere kaltetuenen artean geratuko gara berriro: eskumak eta enpresarien klaseak etxeko lanak egitera kondenatu nahi gaituzte, berez ere eskasak ziren lan eta familiaren arteko kontziliaziorako lan-neurriak desagertarazita.
Eraso hau ere Madrildik diseinatutako berzentralizazio prozesuaren parte da. Horregatik, EH Bildutik EAEko eta Nafarroako gobernuei eta bereziki EAJri (tarteka baino ez bada ere burujabetzak hitz egiten duen EAJri) honako eskaria egin nahi diegu: behar den ausardia politikoa eta borondatea erakutsi dezaten Troikak eta Rajoyren gobernuak inposatutako neurrien aurrean.
Negoziazio kolektiborako geure marko propioa behar dugu: Herri honetako langileek euren lan eskubideak modu kolektiboan babestu ahal izateko espazioa behar dugu. Eta horregatik esan nahi diogu, berriro ere, EAJri Madriletik datozen inposaketak beste barik onartzen jarraitzeak erabateko hondamendira garamatzala. Hondamendi ekonomikoa, soziala eta politikoa. Ezin dugu jarraitu euskal herritarren duintasunaren kontrako erreforma, murrizketa eta dekretuak jasaten.
Ez da burujabetza aldarrikatzeko momentua, herri bezala erabakiak hartu eta burujabetza praktikan ipintzeko garaia da. Bihur ditzagun burujabetza ariketak hartzen dugun erabaki bakoitza, bultzatzen dugun neurri bakoitza, soilik horrela erantzun ahal izango diogu-eta, bizi dugun egoera larri honi. Adibideak hor daude, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialde horretako zaharren egoitzetako langileen eskubideak babestea posible egiten duen proposamena egin du, esate baterako, lan hitzarmenak baldintza duinen arabera berritzea ekarri duen proposamena, hain zuzen.
Horregatik guztiagatik, datorren eraso berri eta larria salatzea ere badagokigula uste dugunez, Euskal Herria Bilduk elkarretaratzea egingo du datorren larunbatean, 12:00etan, uztailaren 6an, Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean. “Lan erreformari ez. Euskal Herrian erabaki”, izango da leloa, lan erreformaren inposaketa eta lan itunen desagerpenaren kalteak salatzeko, eta Euskal Herriko langileei buruzko erabakiak bertatik, Euskal Herritik hartzea exijitzeko.