EH Bilduk bere kezka adierazi nahi du Euskal Herriko ontziolen sektoreak bizi duen egoeraren aurrean. Europako Batasunaren (EB) jarrera dago egoera horren sorburuan. EBk bere jardunean hartu duen norabidea ezin daiteke EH Bilduren helburuetatik urrutiago egon. Alde batetik, proiektu komuna eta sozialki justuaren alde lan egiteari uko egiten dio; bestetik, lan-baldintza duinak eta kalitatezko lanpostu iraunkorrak sortu eta mantendu ordez, epe motzeko interes berekoiei begira kokatzen da: interes finantzario eta espekulatiboen alde egiten du, presioa egiten duten lobbiei men eginez. Eredu neoliberalik neoliberalena gainditu da Europar Batasunaren politika-ildoan.
Testuinguru horretan kokatzen dugu euskal ontziolen egoera larria, zeina estatu jakin batzuen interesen menpe dagoen eta Europako erakundeen funtzionamenduarekin erabat baldintzatua ikusten den. EBren izaera partziala, ultraliberala eta burokratikoegia da.
Gogoratu beharra dago gaur bizi den arazoaren iturria hainbat herrialdetan egiten den “dumping” delakoa dela. Merkatuaren distortsioak saihesteko hartu ziren neurriek bilakaera ezin txarragoa izan dute. Ildo horretatik, onartezina da milaka langilek ordaindu behar izatea erakundeek bere garaian hartutako erabaki okerrak. Azkenaldian sarriegi gertatzen ari den moduan, alderik ahulenak ordaintzea nahi dute euren kudeaketa okerra.
Salagarria da baita ere Espainiako gobernu ezberdinek gai honen inguruan egin duten kudeaketa. Espainiak ere badu erantzukizun nabarmena auzi honetan. Europar Batasunaren konplize izan da urte hauetan, eta ez ditu langileen eskubideak eta aldarrikapenak behar bezala defendatu. Aldarrikapen horiek egin dituen sektoreetako bat izan da euskal ontziolen enpresa batzordea, zeinak ,Almunia komisarioaren eta Industria ministro Soriaren dimisio eskaera egin duen. Bereziki azpimarragarria Almunia jokatzen ari den papera: lobby atzerakoienen eta politika neoliberalen bozeramaile sutsua bilakatu da. Bere dimisio eskaerarekin bat egiten dugu.
Horren guztiaren aurrean, iragarri nahi du gure babes osoa ematen diegula euskal ontzioletako langileei. Era berean, egingo dituzten mobilizazioetan parte hartuko dugula adierazten dugu (9an Gipuzkoan, 11n Bizkaian). Inposatu nahi diguten eredua iraultzeko mobilizazioa eta borroka ezinbesteko tresnak dira. Kasu honetan ere, langileen mobilizazioa erabakigarria izan daiteke bidezkoa ez den irtenbide bati buelta emateko, are gehiago Europako agintariek erabakiak hartzeko duten norabide eza eta partzialtasuna kontuan hartuta. Ezin ditugu gure ontzioletako lankideak bakarrik utzi. 14.000 zuzeneko eta zeharkako lanpostuz ari gara hizketan.
Horregatik, iragarri nahi dugu bilera erronda bat hasi dugula ontzioletako agenteekin, euren egoeraren berri zuzenean ezagutzeko.