EH Bilduk Estatuko Gorte Nagusien aurreko legegintza-ekimena aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, Trebiñu administratiboki ere Arabako parte izatera pasa dadin, Trebiñuko eta Argantzungo udalen eskariari jarraituz. Horren ildotik, EH Bilduk Madrilen aldarrikatuko du trebiñutarren borondate demokratikoa errespetatu beharra, Kongresuak legez agindu dezan Trebiñu Burgosetik bereizi eta Araban sar dadila.
Belen Arrondo legebiltzarkideak gogorarazi duenez, “Trebiñuko biztanleek Arabako parte direla eta hala onar dadila nahi dutela adierazi dute behin eta berriz historian zehar; euren borondate hori, ordea, ez da errespetatu eta horrek ondorio kaltegarriak ditu trebiñutarrentzat”. Hori dela eta, gatazka behin betiko konpontzeari begira, “EH Bilduk Trebiñuko herritarren borondatea errespetatzeko baino ez du eskatzen; gezurra dirudi XXI. mendean ere horrelako aldarrikapen bat, ezin demokratikoagoa, egin behar izatea; horrek espainiar Estatuaren kalitate demokratiko eskasa agerian uzten du”.