Gaur BBK-ko Gizarte Ekintza Batzordea bilduko den honetan Gizarte Ekintzaren jarduerak 2013ko lehen seihilekoan eta BBK-Sarrikoren proiektua gai-zerrendako puntuak izanik, berriro ere EH Bildutik aldarrikatzen dugu BBK-ko Gizarte Ekintzan murrizketak ez egitea eta jarduerak benetan gizarte-beharrei erantzutea, bereziki krisialdiaren ondorioak pairatzen dituztenei laguntzeko. Gizarte behar ugari daude: etxegabekoentzako aterpeak, jantoki sozialak… Gizarte Ekintza izenak adierazten duen izaera sozialari eutsi behar da.
BBK-ko aurreko asanbladan salatu genuen BBK-ko Gizarte Ekintzarako aurrekontua erdira jaitsi zela. Orain salatu behar dugu, dagoen diru gutxiago hori, gainera, gizarte beharrei erantzuteko baino beste era batean erabiltzen dela. Bilbon arazo nagusi bat da kalean bizi direnen arazoa. Zergatik ez du planteatzen BBK Sarriko eraikinean etxegabekoentzat aterpe bat sortzea?
Jakin dugunez, Bilbao BBK Talent Place Euskal Elkarte autonomotik kanpo Bizkaira datozen goi mailako ikerlariei zuzentzen den egoitza gunea izango da. Ez dugu zalantzan jartzen ikerlarientzako egoitza behar denik, baina hori izan behar da BBK-ko Gizarte Ekintzaren jarduera bat? Ikerlarientzako egoitza bat eraikitzea ez da gizarte beharrei erantzutea.
Eta egitasmo honek lotura zuzena du BBK Sarriko eraikinaren etorkizunarekin. Duela bost urte, Reina de la Paz egoitza zena itxi eta bertako egoiliarrak beste egoitza batzuetan sakabanatu zituzten. Egoiliarrek eta beren senideek, Oihanka elkartean bilduta, borroka luze eraman zuten bermatu ahal izateko zituzten eskubideak ez zituztela galduko. Bost urte igaro dira, eta eraikin berrira, BBK Sarrikora bueltatu dira, baina ez baldintza berdinetan.
Reina de la Paz egoitzako langileak BBK-ko Gizarte Ekintzako langileak ziren, baina BBK Sarrikoko zentrora ez dira bueltatuko, hain zuzen, BBK-k egoitzaren kudeaketa esku pribatuetan utzi duelako, Vitalitas enpresaren eskuetan hain justu. Horren ondorioz, gainera, zerbitzuen kalitatearen jeitsiera pairatzden dute orain. Reina de la Paz egoitzan nagusiek zituzten baldintzak ez dira mantendu BBK Sarrikon, hain zuzen, BBK-k azpikontratatu duelako egoitzaren kudeaketa. Eta azpikontratazio horrek argi uzten du hainbat aldiz salatu dugun BBK-ko Gizarte Ekintzaren deuseztapena.
BBK Sarriko eraikina handia da eta erdia hutsik dago, baina BBK-k erabaki du ez dituela eskainiko nagusientzako plaza gehiago, hau da, Reina de la Paz egoitzatik datozenak hiltzen direnean, nagusien egoitza ez da egongo BBK Sarrikon. Egitura bera ezberdina da, gehiago dira apartamentu tutelatuak, egoitza baino. Beraz, BBK-k zituen Gizarte Ekintzako zati bat, nagusientzako egoitza, desagertuko da, Gizarte Ekintza deuseztatzen ari dira berriro. Hor kokatzen da hain justu Bilbao BBK Talent Place egitasmoa.