Donostiako Udal Gobernuak 304.600 euro banatuko ditu gizarte ekintzaren arloan ari diren irabazi asmorik gabeko 97 elkarteren artean. Jon Albizu, Gizarte Ongizateko zinegotzi eta Alternatibako kideak nabarmendu du diruaz haratago elkarte hauek egiten duten lana eta gizarteari egiten dioten ekarpena babestea dela diru-laguntza hauen helburu nagusia.
Esan duenez, “Udal Gobernu honen lehentasunen artean dago arlo soziala babestea eta diru laguntza hauen banaketa horren baitan kokatzen da, azken batean, elkarte hauek guztiek ezaugarri sozialak dituzte eta administrazio publikotik gure eginkizuna da elkarte hauek laguntzea. Orain inoiz baino gehiago ahulenen eta okerren daudenen alboan egon behar du administrazioak, erantzukizun bat dauka horretan, eta udal honek argi dauka hori, udal aurrekontuetan era agerian geratu da apustu hori”.