Alternatibako bozeramaile nazionalak, Amaia Agirresarobek, positibotzat jo du ETAk Gara egunkarira bidalitako agiriaren edukia, zeinetan iragan martxoan Iruñean eta Bilbon antolatutako Foro Sozialaren gomendioak “ekarpen eraikigarriak” direla onartzen du; “bere irakurketa zein ekarpen propioak egiteko asmoa iragarri arren, ETAk gomendioekiko konpromisoa adierazten du agirian, nazioarteko gatazketan esperientzia izan duten hainbat adituren parte-hartzea eta herritar ugariren zilegitasuna izandako foroaren gomendioak izanik”.
Bestetik, Alternatibatik azpimarratu nahi izan dute “berriro ere, ETAk herritarren protagonismoa aitortu” duela, gatazkaren konponbideari begira parte hartu izan duten lagun ugariak aipatuta. Herritarrak, gainera, “normalizazio politikoaren eta konponbidearen abangoardia bilakatu dira, beren diskurtsoa blokatzean eta geldotasunean oinarritzen dutenen aurrean”, Frantzia eta Espainiako gobernuen jarrera salatuta. Haiei Aieteko adierazpenaren zein Foro Sozialaren gomendioen edukiak bere egitera deitu ditu.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, “eragile sozial eta politiko guztiak bakearekin konprometitzeko” beharra berretsi du, norabide egokian eraman ahal izateko gizartearen aspaldiko aldarrikapena, “inolako indarkeriarik gabeko Euskal Herria lortzea, non pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuko diren”. Hala, onartezina iritzi die Madrildik heltzen diren eraso jarraiei prozesuaren aurka, Auzitegi Nazionaletik asteburuan heldu den azkenaren modukoak, Arnaldo Otegi –Jesus Egigurenekin batera- bakea eta berradiskidetzearen saria eman izanagatik Gernikako alkatea inputatu baitute.