Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobe eta Oskar Matutek agerraldia egin dute gaur goizean, Donostian, Adegik Ander Rodriguezen aurka jarritako salaketa baloratzeko.
Adegik Politika Sozialeko diputatu eta gure Alternatibako kide Ander Rodriguezen aurka jarritako salaketaren berri izan dugu asteon. Zentzugabekeria honen aurrean, gure kideari adierazitako erabateko babesa berretsi ez ezik, Gipuzkoako erresidentzien gatazkan patronalak izandako jarreraren balorazioa zuekin partekatu nahi dugu.
Nabarmendu nahi dugu, lehenengo eta behin, benetan eman diren mehatxu bakarrak beren soldaten jaitsiera eta lan eskubideen galera pairatzen hasi diren ehunka langileek jasotakoak direla, enpresaburuek diseinatu eta menpeko politikoek martxan jarritako lan erreforma dela medio. Horiek dira bai, eta ez Politika sozialeko diputatuari leporatzen dizkiotenak, euskal gizartearentzat ezagunak eta mingarriak zaizkion mehatxu bakarrak.
Gipuzkoako zahar egoitzetako patronalek mahai gainean jarritako mehatxu berberak dira langileen baldintzak negoziatzeko prozesua hasi zenean. Ezaguna da sektorean ari diren langile gehienak emakumeak direla eta beren eskubideak berriz zapalduko zituztela ikusita, borroka eredugarria abiatu zuten. Bizitzarako ezinbestekoak diren lanak dira haiek egiten dituztenak, baina guztiz ikusezina eta prekarietatea nagusi den sektorean, enpresaburu jakin batzuek negoziorako aukera bihurtu dutena.
Sektoreko lan baldintzak hobetu behar zituen proposamena eginda, Gipuzkoako Aldundiak erakutsi zuen diru publikoa kudeatzeko beste modu bat dagoela; gizartearentzat kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko baliatuta gainera. Uler dezakegu Adegirentzat guztiz berria izan daitekeela ordezkari instituzional batek zerbitzu sozial eta publikoen zein horietako erabiltzaileen alde kokatzea; izan ere, Bildu agertu arte, izan dituzten esku-sartze bakarrak adiskidetze keinuak eta beren mozkinen defentsa izan dira, langileen prekarietatearen lepotik etorri badira ere.
Salatzeko ezer badago, dudarik gabe, instituzio gehienek herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzerakoan, enpresa azpikontratatuek aplikatzen dituzten baldintzen aurrean ageri duten utzikeria da. Gure ustez, instituzioen inplikazioa beharrezkoa da eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen kalitatea bermatze aldera, are gehiago zaintzaren sektoreaz ari garenean; eta baita lan hauek betetzen dituztenen duintasuna bermatzeko ere.
Gure lankidearen kudeaketa, beraz, guztiz zuzena izan da. Are gehiago, eredugarria izan beharko litzateke orain arte nagusi izan diren enpresaburu eta politikoen arteko jauntxokeriaz beteriko harreman horiekin bukatu ahal izateko; izan ere, dirutza jartzen dute enpresa batzuen esku herritarrekin zein langileekin gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituzten kontrolatu gabe.
Gipuzkoako aurreko gobernuaren eredua izan dela badakigu, Arabako eta Bizkaiko egungo exekutiboekin gertatzen den bezalaxe: ateak itxita eta patronalekin bakarrik negoziatzen dute. PNV, PSE eta PPk jakin badakite, jarrera honek herritarrak kaltetzen dituela, zerbitzu publikoen kaskartzea pairatzen dutelako. Patronalaren mesederako egiten dutela ere badakite, lan erreformaren aukerak baliatuko dituela argi eta garbi utzi duen patronala, gehiengoa prekarietatera zigortzen duena gutxi batzuen irabaziak handitzen dituen bitartean.
Agerikoa dirudi, Espainiako lan erreformari aurre eginez, langileen eskubideak defendatzen dituztenak instituzioetatik kanpo nahi dituela Adegik. Oso helburu eta aukera politiko zehatzak dituen patronala da hau. Eta lotsagabea izan behar da biktimizazioaz hitz egiteko, kaltetuenak haien lanaldia luzatzeko eta soldata jaisteko arriskuan zeudenak emakumeak zirenean, guztia PNVren konplizitatearekin.
Alternatibatik, EHBildutik eta herritarrek kudeatzeko ardura eman diguten instituzioetatik, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan jarraituko dugu lanean, eta patronal diruzale eta haien menpeko politikarien arteko aliantzak salatzen jarraituko dugu. Harreman hori delako, kontzesio formako mesedeen truke, politika eta enpresen arteko ate birakariak eta alderdietarako dohaintzak ahalbidetzen dituena. Madrilen askotan gertatzen direnak eta askotan salatzen ditugunak; Euskal Herrian ostera, askok ezkutuan mantentzea nahiago dute, halako sektoreetan ere.