Abuztuaren 1ean, Mariano Rajoy PPko gobernu presidenteak espainiar Kongresuan egindako konparezentzia dela eta, EH Bildutik honako irakurketa-balorazioa egin nahi dugu.
Euskal Herritik begiratua, espainiako Kongresuan ikusi zen “espektakulua” guztiz lotsagarria izan zen. Espainiako presidentea den Rajoyk eta oposizioko buru den Rubalcabak Kongresuan eman zituzten azalpenak iraingarriak behar lukete izan zen edozein espainiarrentzat, ez bata ez bestea ez direlako batere sinesgarriak ustelkeriaren aurkako borrokan.
Barcenas ustelkeria auziagatik eskatu zitzaion Rajoyri Kongresuan azalpenak eman zitzan eta egungo Espainiako presidentea espainiar guztietaz trufatu zen. Estatu espainiarrean inoiz eman den ustelkeria kasu larrienaren aurrean inolako azalpenik eman ez, eta gainera, Rajoyk espainiar guztiei barre egin zien.
Estatu Espainola ustelduta dago burutik hasi eta hanketaraino. Presidente-gobernu burua, Errege Etxea, alderdi politiko nagusiak (PP eta PSOE) zein erakunderik garrantzitsuenak -Tribunal Constitucionala barne- ustelkeriak zikinduta daude. Estatu espainarrean ustelkeria gaitz sistemikoa da, ustelkeria espainiar estatuaren politika egiteko moduan erabat txertatua dago, berezkoa du ustelkeria estatu espainiarrak.
Gainsoldatak, B kontabilitateak, alderdien finantziazio ilunak, sobornoak, aurretik adostutako herri lanen esleipenak… eta nola ez, diruz betetako sobreak, eguneroko praktikak izan dira estatu espainarrean eta horien adibide dira, Rodriguez Galindo, Roldan, Barrionuevo, Urralburu eta Otano… eta halako beste ehundaka.
Ustelkeria kasu hauek guztiak, krisi sozioekonomiko globalarekin batera agertu dira, eta krisi horrek baditu bere berezitasunak Estatu Espainolean. Ez dezagun ahaztu, Estatu Espainolean erakundeak eta lurraldea bera ere krisian daudela. Arazoa ez da Rajoy, ezta sobreetan batu duten dirua ere. Arazoa estatua eraikitzeko eredu ustela da eta bere adar luzeak Euskal Herrian ere errotu izan dira.
Nafarroan ustelkeria zantzuak aspaldi agertu ziren, CAN auzia horren lekuko. Baina beste behin, Epaitegi Gorenak Barcina andereari “salvavidas” bat jaurti dio, hondoratzen ari den UPNren submarinoak behea jo ez dezan. Nafarroa “cuestión de estado” denez, eta UPNk espainiar esentzien eta Espainiarekiko loturaren garantea denez, estatu oparia luzatu diote Barcinari CANeko ustelkeria kasutik baztertuz.
Barcinak egin behar duena zera da, bere ardura politikoa aitortu, dimisioa aurkeztu eta hauteskundeak deitu.
Nafar jendarteak aspaldi eman zuen bere epaia: Barcinak ezin du gobernatzen jarraitu, bere ardura politikoa onartu behar du, eta duintasun demokratikoagatik, dimititu egin behar du.
Nafar jendartea oraindik zain dago CAN-en desagerpenean gertatu den guztiaren egia jakiteko, informazio osoa eskuratzeko, eta UPNko zuzendaritzari eskatzen dio CAN-en desagerpenaren ardura bere gain har dezala.
Nafarroan bezala ere Araban azken egunotan de Andres Arabako ahaldun nagusiak eginiko adierazpenek argiro adierazaten dute urduri daudela. Ildo horretatik, garbi dugu de Andres jaunak ere Biboko PPren egoitzaren finantzaketaren inguruan bere azalpenak Biltzar Nagusietan eman behar dituela, eta ez Aldundiaren prentsa aretoan. Bera Ahaldun Nagusia delako, eta ez PPren Idazkaria. Ikertzen ari diren garai hartan, PP zegoen agintean Gasteizko Udaletxean eta Arabako Foru Aldundian. Bilboko egoitza “mesede”, “fabore” eta “kontratuen” truke ordaindu bazuten, Araban egin beharko ziren. Garbi dagoen kontu bakarrak PP bakarra dela eta eredu berdina aplikatzen duela Madrilen eta Gasteizen.
Estatu Espainola, orain artean ezagutu gabeko, krisi ekonomiko sakonean itota dago. Horren ondorioz hartu dituzte hainbat eta hainbat neurri neoliberal eta zentralizatzaileak. Estatu ereduaren eta nazio aldarrikapenei dagokionez erabateko ukazio eta itxikerian murgiltzen ari da eta erabateko ustelkerian pozoituta dago. Eta hala ere, Estatu Espainolak krisia sakondu baino egiten ez duten tresnak erabili nahi ditu krisitik ateratzeko: birzentralizazioa, transferentziak ez betetzea eta mehatxu konstituzionala zein militarra.
Estatu Espainolak, Franco diktadore faxistak lotuta eta ondo lotuta utzitzako sare juridiko eta politikoaren egitura izaten jarraitzen du. PP eta PSOE dira oraindik ere sistema horren ustezko bermatzaileak.
Trantsizio garaian, estatu barruan zeuden nazioen aldarrikapen demokratikoak isildu nahi izan zituzten, eta orain, krisia izugarria denean, eredu ustel hau eraiki zutenak konturatu dira, duela 40 urte inposatu ziguten Estatu Espainol hau ez dela jasangarria.
Eta halaxe gaude. Krisi ekonomiko, sozial, lurraldearena eta politiko batean murgilduta: hau da, estatu krisian.
PPren Gobernuak porrot egin du. Politikan zein ekonomian huts egin duen estatu baten adibidea da. Egungo egoera trantsizio demokratikorik egin ez izanaren ondorioa da.
Estatua ez da gai erabakitzeko eskubidean eta onarpenean oinarritutako eskaintza demokratiko bat egiteko. Ukazioa eta inposaketa. Hori da haien estatuaren estrategia bakarra.
Erabakitzeko eskubidearen kontrako norabidean doa Estatu Espainiarra. Alderdi Popularrak, PSOE eskutik duela, demokrazia atzerabidean jarri du.
Madrilek murrizketak inposatzen dizkigu, lan erreforma, pentsioen erreforma, tokiko administrazioaren erreforma, LOMCE, kopagoa… Hori da gaur gaurkoz Estatu Espainiarrak gure herriari eskaintzen diona eta gu ez gaude hori onartzeko prest.
Atzokoaren ondoren ez da ezer aldatuko, izan ere, Rajoy eta Rubalcaba txanpon beraren bi aurpegiak dira. Biek herrien eskubideak ukatzen jarraitzen dute eta, ustelkeria medio, botere faktikoek estatua bahituta dute.
Espainiak gure herriari etorkizuna ukatzen dio, eta ordua da benetako trantsizioa hasteko; bestela, Madrilek amildegira eramango gaitu. Garbi dezatela beren arropa zikina nahi duten moduan, guri axola digun gauza bakarra da Madrilek gure herria aitortu eta euskaldunon eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidea errespeta dezala. Hondamendi ekonomiko, sozial eta politikoaren aurrean, Euskal Herriak subirautzarako bideari ekin behar dio.