Adinekoek kalitatezko zaintza jasotzeko, zahar etxeetan lan egiten duten langileek lan baldintza duina izan behar dituztela uste du Ander Rodriguezek. (Donostia, 1982). Balorazio positiboa egin du diputatu moduan daramatzan bi urtez.
Adegi patronalak zure aurkako salaketa jarri du, zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresei mehatxu egitea egotzita. Nola hartu duzu?
Adegik jarria zuen salaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontra, lan gatazka beragatik. Salaketa horrek bere bidea jarraituko du. Baina guk beti adierazi dugu gure jarduna ditugun eskumenen barruan egin dugula, eta helburu jakin bat izan duela: erabiltzaileei kalitatezko zaintza bat bermatzea. Horretarako, behar-beharrezkoa da zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek lan baldintza duinak izatea. Nire kontrako salaketak helburu politiko garbiak ditu. Beldurtu egin nahi naute, eta aurreko baldintzetara bueltatu: ordaindu, isildu eta baldintzarik ez jartzea zahar etxe pribatuetan aldundiak itunduta dituen lekuetan. Hori da Adegik duen helburua. Baina gobernu honek orain arteko bideari jarraituko dio. Feminizatua dagoen sektore horren baldintzak hobetu nahi ditugu.
Aurretik Adegik aldundiaren kontra egin zuen. Negoziazio orokorrean esku hartzea egotzi zizueten. Nola erantzungo diozue horri?
Adegik salaketa jarri zuen, eta guk helegitea jarri genuen eskatzen zituen behin-behineko neurriak indarrean ez jartzeko. Epaileak arrazoia eman zigun. Iruditzen zitzaigun auzia ezin zela epaitu Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, baizik eta EAEko Auzitegi Nagusian. Zain gaude. Baina berriro esango dut: gure eskumenen barruan jardun dugu. Arazoa da Adegik ez dituela bete bere helburu politikoak, eta horregatik jarri ditu salaketak.
Bestelako neurri edo ekinbiderik espero duzue Adegiren aldetik?
Ez dakigu. Baina departamentuan argi ikusten dugu Adegik galdu egin duela. Ez ditu gipuzkoarren interesak defendatzen eta errespetatzen. Ez ditu ordezkatzen zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresen interesak ere. Hasieratik itxi zuten negoziaziorako bidea. Ez dute borondaterik izan hau konpontzeko. Ez dira bateragarriak nire kontrako salaketa jartzea eta adostasuna lortu nahi izatea. Badakite zein ondorio dituzten hartzen dituzten neurriek.
Leku askotan, dena den, akordioak lortu dira enpresen eta langileen artean. Nolakoa da zuen harremana enpresekin?
Harremanak onak eta positiboak dira. Duela hilabete batzuk konturatu ginen lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta zegoela. Patronalek egoera blokeatuta zuten, mozkinak bermatzeko langileen eskubideen kontra. Orduan enpresekin bilerak egiten hasi ginen, eta gure hausnarketa planteatu genien. Lan horren emaitza izan dira lortu diren akordioak. Sektoreko langileen %90ek lan baldintza duinak dituzte.
Zer esango zenieke oraindik akordioa lortu ez duten hiru zahar etxeetako langile eta enpresei? Gertu ikusten duzue akordioa?
ELAk salatu du zahar etxe horietako langileek presioak eta mehatxuak jaso dituztela. Gure ustez, egoera oso larria da, eta behar-beharrezkoa da akordioa lortzea. Datozen asteetan zahar etxe horiek kudeatzen dituzten enpresekin bilduko gara, gure kezka eta ardura azaltzeko. Ezin da horrelako gaztaka bat modu horretan kudeatu. Gatazka hau hasi zenetik mehatxu bat egon zen: uztailaren 7a [lan hitzarmenak iraungi ziren eguna]. Egun horretatik aurrera, arriskua zegoen langileei soldata 400-500 euro jaisteko eta lan jarduna handitzeko. Mehatxua erreala izan da, gainera. Hori saihestu nahian, modu batera jardun dugu. Pausoak gardentasunez eman ditugu. Enpresei, langileei, erabiltzaileei eta Gipuzkoako gizarte osoari unean uneko informazioa eman diegu.
Iragarri duzue neurriak hartuko dituzuela langileei soldatak jaisten dizkieten enpresen aurka. Besteak beste, tarifak jaistea aurreikusten duzue.
Bai. Norbaitek uste badu lan erreforma aplikatuz, soldatak jaitsiz eta zaintza prekarizatuz dirua irabaziko duela, gaizki dabil. Hori ez da gertatuko. Hori egiten duten enpresei jaitsi egingo zaie Aldunditik jasotzen duten tarifa. Hitzez ez ezik, ekintzez ere defendatuko ditugu lan hitzarmenak.
Oposizioko alderdiek ere argibideak eskatu dizkizuete lan gatazka honetan izan duzuen jarreragatik. Haien aldetik ekinbide politikorik espero duzue?
Bakoitzak jakin eta argitu beharko du gatazka honetan izan duen jarrera, eta noren alde jokatu duen. Gobernu honek eta EH Bilduk argi du noren alde egin duen: langileen eta erabiltzaileen alde.
Erabiltzaileei zer esango zenieke? Uste duzu ulertzen dutela gertatzen dena?Azken batean, horiek dira gatazkagatik kalte handiena jasaten ari direnak.
Barkamena eskatzen diegu. Hainbat erabiltzailerekin harremana izan dugu. Zenbaitek taldeak sortu dituzte, eta unean uneko informazioa eman diegu. Grebak luze jo duen zahar etxeetakoekin hitz egin dugu, batez ere. Bestalde, buru-belarri aritu gara gutxieneko zerbitzuak betetzen zirela bermatzen.
Legegintzaldia amaitu aurretik, zein beste neurri bultzatu nahi dituzue zahar etxeetan?
Aldundian sartu aurretik argi eta garbi esan genuen gizarte zerbitzuetako langileen baldintzak hobetu egin behar zirela, batez ere bi sektoretan: zahar etxeetan eta adin txikikoen zentroetan. Gu gobernura iritsi ginenean konpromisoa hartu genuen sinatuta zegoen lan hitzarmena garatzeko, eta horretan aritu gara denbora honetan. Langile horien lan baldintzak hobetu egin dira, eta soldatak igo egin dira. Dirua jarri dugu horretarako. Horrekin batera, gure helburua da Espainiako Gobernuaren lan erreforma ez aplikatzea. Etorkizunari begira, berriz, ikusi beharko da ratioen inguruko eztabaida mahai gainean jar daitekeen. Guk argi dugu horri buruz hitz egin behar dela. Alde guztien ekarpenak jaso nahiko genituzke. Beraz, gure asmoa da eztabaida pixkanaka-pixkanaka zabalduz joatea. Alde horretatik, zail ikusten dugu eztabaida legegintzaldia amaitu aurretik bukatzea.
Dagoeneko pasatu da legegintzaldi erdia. Zein balorazio egiten duzu bi urte hauetaz?
Oso balorazio positiboa egiten dugu. Gipuzkoarrek dituzten eskubide sozial guztiak bermatu ditugu, eta beste administrazioek egindako murrizketei aurre egin diegu. Adibidez, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta eta Mendekotasun Legeari lotutako laguntzak bermatu egin ditugu, eta kasu batzuetan, handitu. Milioi euro dezente erabili ditugu horretarako.
Egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, horri eustea posible izango dela uste duzu?
Hori izan da hasieratik gobernu honen konpromisoa, eta eutsi egingo diogu. Gobernu honen politikak elkarlanean egiten dira. Adibidez, Mendekotasun Legearen laguntzei eustea eta zerga erreforma egitea lotuta daudela uste dugu. Zergatik planteatzen ditugu zerga erreformak? Zerga sistema justuago bat izateko, diru sarrera gehiago lortzeko eta dauden gizarte beharrei erantzuteko. Mendekotasun Legeari dagokionez, gainera, uste dugu akordio bat lortu behar dugula hemen mendekotasun sistema propio bat eraikitzeko. Larrialdi laguntzekin geratzen ari dena ere kezkaz ikusten dugu. Ezin da esan lehentasunak pertsonak direla, eta gero nahikoa baliabide ez jartzea laguntzetarako. Ezin da esan ez dagoela dirua laguntzetarako, eta prest egon dirua aurreratzeko abiadura handiko trena eraikitzeko.