Zenbait komunikabideetan azaldutako informazioen harira, Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak argitu nahi du datorren urteko Europako hauteskundeetan parte hartzeko erabakia oraindik ez dela hartu. Izan ere, alderdiaren estatutuek zehazten dutenez, erabaki hori asanblada baten bidez hartu behar dute militanteek, eta horixe izango da, hain zuzen, Bilbon irailaren 28an, Alternatibaren hurrengo Batzar Nazionalak eztabaidatuko dituen gai nagusietako bat. Organo honek, eta ez beste inork, hartuko du Alternatibaren parte-hartzea izango duen edozein akordio hauteskundeei begira.
Alternatibarentzat europar proiektua estrategikoa da, herrien burujabetza aldarrikatu ez ezik, ezker alternatiboaren aldeko apustua garatzeko, indarrean dagoen sistema eraldatu baino, gainditzeko helburua duena. Hala, gabezia demokratiko ikaragarriak dituen eta botere finantzario handien menpe dagoen batasunarekiko oso bestelakoa izango den Europa eraikitzeko aliantzak sortu eta indartzeko aukera izan daiteke. Halaber, Europarako agenda alternatiboa eraikitzeko abagunea izan daitezke bozak, herritarren jabekuntza ahalbidetuko duena ezker alternatiboaren oinarrietatik.
Hauek izango dira, besteak beste, Europako hauteskundeen inguruan Alternatibaren Batzar Nazionalak aintzat izango dituen irizpideak, hartu beharreko erabakia egun horretan bertan jakinaraziko dela.