Laudioko EH Bilduren taldearen izenean, lehenik eta behin Judithen konpromiso sozial sendoa eta Laudioko zenbait herri mugimendutan egindako lana goraipatu nahiko genuke. Judithen senitarteko eta adiskideei gure samin eta elkartasuna adierazi nahi diegu eta, bereziki Pablori.
Ezin dugu ahaztu Pablo Gorostiaga 71 urteko preso politikoa dela, EGIN egunkariaren sustatzaile izateagatik ia 8 urteko espetxe-zigor bidegabea betezen ari delarik. Herrera de la Manchako gartzelan dago, etxetik 600 kilometrora. Indarrean dagoen legeriaren arabera, Pablo askatu beharko lukete, 70 urte baino gehiago izan eta zigorraren hiru laudenak jadanik bete dituelako.
Berriz ere, sakabanaketak eragiten duen sufrimendua, suposatzen duen zigor gehigarria, salatu nahi dugu. Nahiz eta baimen guztiak lortu, Pablo ez dute garaiz ekarri eta ezin izan du bere emaztea agurtu. Gaurkoa bezalako egoeretan, ezin krudelagoak iruditzen zaizkigu Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren Ordezkariaren adierazpen publikoak, orain zenbait egun sakabanaketa anekdota hutsa zela esan zuenean.