Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek datorren igandean Hondarribira joateko deia egin du Jaizkibel konpainian desfilatzen duten gizon-emakumeak babestera herriko Alardean. Aurten, hogei urte bete direla herriko emakume talde batek jaietan parekidetasunez parte hartu ahal izatea aldarrikatzen hasi zirenetik, Agirresarobek lelo berbera berreskuratzearen aldeko apustua egin du, “benetako jai parte-hartzaileak, herrikoiak eta bazterkeriarik gabekoak eskatzen jarraitu behar dugu”.
Alderdi ezkertiarraren bozeramailearentzat, alarde parekidean parte hartzea edo bere desfilea kalean babestea Aitor Kerejeta alkateak asteon eginiko adierazpen onartezinei erantzuteko modurik onenak dira. Agirresarobek gauza bakar batean azaldu da ados PNVren alkatearekin, “egia da urtero, irailaren 8an, azken 16 urteetan gertatutakoak jaiarekin zerikusirik ez duela: hain zuzen ere, emakumeok gizonezkoekiko pairatzen dugun egiturazko desberdintasunarekin eta gure eskubideak bera bezalako politikari matxisten erabakien menpe egotearekin dauka zerikusia, gobernatzen duen herriko bizilagunen erdia baztertzea publikoki defendatzen baitu jeltzaleak”.
Alternatibarentzat guztiz “onartezina da kargu publiko batek plastiko beltzena bezalako jarrera faxistak babestu eta bermatzen jarraitzea” Jaizkibel konpainiaren ibilbidean urtero egiten dutenez eta herritarren gehiengoaren borondateari erantzuten diotela ziurtatuz. Agirresarobek “demagogia hutsa” iritzi dio baieztapen horri eta Igeldoko auziarekin alderatzeari, “lotsagarria da alkate batek eskubideak urratzea eta emakumeen bazterketa balizko gehiengoekin justifikatzea”.
Azkenik, Kerejetari zuzenean hitz egin dio: “Jakin dezala pertsonen eskubideak, emakumeenak ere, aitortu eta defendatu behar direla Berdintasun legeak dioenaren arabera, eta PNVk bere karguek betearazten dutela bermatu beharko lukete; Hondarribiko emakumeek, beraz, ez dute inongo erreferendumik ezta tradizioz mozorrotutako jarrera baztertzailea ageri dutenen baimenik behar beren jaietan parte hartzeko”.
Urtero bezala, Alternatibako ordezkaritza izango da Hondarribian, Begoña Vesga lurraldeko batzarkidea buru, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak aldarrikatu zein Jaizkibel konpainia babesteko.