Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobe, eta Diana Urrea Mahai Internazionalistako kide eta parlamentaria, Bartzelonara bertaratu dira, hurrenez hurren, CUPek eta Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC) gonbidatuta, Diada egunerako antolatutako ekitaldi desberdinak babesteko, eta independentziaren alde lurralde osoa zeharkatuko duen giza kateari indarrak gehitzeko ere. ANCk eginiko gonbidapenari erantzunez, EHBilduren ordezkaritzaren baitan joan da Urrea.
Legebiltzarkideak gogorarazi duenez, Alternatibak subiranotasunaren eta erabakitzeko askatasunaren aldeko apustua egiten du: “herritarren gehiengo batek, Euskal Herrian zein Herrialde Katalanetan, gure borondatearekin eta oztoporik gabe, gure etorkizuna erabakitzeko nahia partekatzen dugu”. Aldi berean, CUP bezalako indar politikoekin, Diada egunean Alternatiba ekitaldi desberdinetan parte hartzera gonbidatu duena, “komunean dugu eraikuntza nazionala eta soziala batera garatzeko helburua, borroka bat bestearen gainetik lehenetsi gabe”.
Azkenik, Alternatibatik Txileko presidente Salvador Allenderen hitzak gogoratu dituzte, gaur Pinocheten estatu kolpearen eta presidentearen heriotzaren 40. urteurrena gogoratzen denean. Horrela zioen Allendek: “Historia gurea da eta herriek osatzen dute”.