Bizkaibuseko proiektuak eragin duen gatazka herritarrei bizkar emanda diseinatu izanaren ondorio zuzena da EH Bilduren iritziz. Gizarte eragile, sindikal, udaletxe eta herritarren parte hartzerik gabe osatu baita proiektua. Aldundia alegazioak biltzera mugatu da soilik eta ez du horietako ia bat bera kontuan hartu.
Begi bistakoa da Aldundiaren jokaerak hainbat gizarte eragile eta sindikaturengan sortu duen haserrea. Gainera, hainbat Udalek adierazitako beharrei erantzun gabe jarraitzeko hautua egin du Foru Aldundiak.
EH Bilduren ustez, guztiz arduragabea da zerbitzu etenek eragingo duten kaltearen errua Bizkaibuseko langileei leporatzea. Are gehiago, Aldundiak berak langileek egindako proposamenak kontuan hartzeari muzin egin dionean (bai lan baldintzei nahiz zerbitzuari dagokienean) eta gainera, zerbitzuak murrizteko hautua eginez, herritarrak kaltetzeko erabakia berak hartu duenean.
Bizkaibusentzako proiektua egiterakoan Aldundiak bi lehentasun izan beharko lituzke besteen gainetik EH Bilduren iritziz:
· Herritarren eskari eta beharrei erantzungo dien kalitatezko garraio publiko zerbitzua lortzea.
· Zerbitzu publikoan lan baldintza duinak bermatzeko neurriak hartzea.
Bizkaiak beste garraio eredu bat behar du eta beste kudeaketa eredu bat. Guztion baliabideak gizartearen egiazko beharrei erantzuteko erabiliko dituena.
EH Bilduk Bizkaibuseko sindikatuek iragarri dituzten mobilizazioak babesten ditu eta gizarte osoari, gizarte eragileei eta Udalei dei egiten diegu kalitatezko zerbitzu publiko baten aldeko jarrera hartzera.
Zentzu horretan, EH Bilduk urgentziazko Arauz Besteko Proposamena erregistratuko du Batzar Nagusietan, Foru Aldundiak Bizkaibuserako proiektua berregin dezan eskatuz. Gizarte eragile, sindikatu, agente politiko eta Udalekin batera abiatutako elkarrizketa eta parte hartze prozesu baten bidez egindako proiektua eskatuko du koalizioak, helburua Bizkaibuseko lan baldintzen inguruan eta eskaini beharreko zerbitzuaren gainean adostasun zabala lortzea izango delarik.