Pasa den astean EAJk eta PSEk euren arteko akordioa aurkeztu eta gero, EH Bilduren ordezkaritza bat alderdi horiekin bildu da gaur Legebiltzarrean eta zerga politikan Gipuzkoako Aldundiak hasitako bidean sakontzera eta aurrera egitera dei egin die. Oskar Matutek, Leire Pinedok, Marian Beitialarrangoitiak eta Dani Maeztuk azaldu dutenez, “arlo horretan Gipuzkoan hartzen ari diren neurriak egokiak badira, ez dugu ulertzen zergatik egin behar den atzera Araban eta Bizkaian ere ezartzeko; hori da eskatzen digutena, atzera egin dezagula Arabako eta Bizkaiko aldundiek historikoki erakutsi duten ausardia faltagatik; askoz errazagoa litzateke Araban eta Bizkaian euren etxeko lanak egitea eta Gipuzkoakoak bezalako neurriak hartzea, aberastasuna banatzeko eta gizarte babesa berreskuratzea ahalbidetuko luketen baliabide ekonomikoak eskuratzeko”.
EH Bilduk, beraz, atzerapausotzat jo du EAJk eta PSEk hitzartutakoa, Gipuzkoako ereduari jarraitzeari uko egiten diotelako eta egungo marko sozioekonomikoak dituen mugak eta ezintasunak ontzat ematen dituztelako, egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko euskal jendarteak burujabetzaren bidean behar dituen tresna propioak eskuratzeko inolako borondaterik erakutsi gabe. Finean, “akordioak EAJren eta PSEren behar politiko partikularrak asetzen ditu, baina ez herritarrek dituztenak”, kritikatu dute EH Bilduko legebiltzarkideek.