PPren eskutik Madrilen tramitatzen ari den lege proiektua udalen autonomiari inoiz egin zaion erasorik sakonena izango da. Udalentzako ondorio larriak ekarriko ditu, eta egun biltzen dituen edukiekin aurrera ateratzen bada, udal txiki askoren desagerpena ekarriko du, Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuz.
Bi helburu nagusi aurreikusten ditugu tokiko administrazioen erreforma honetan: potere instituzionala zentralizatzea eta oinarrizko zerbitzu batzuen pribatizazioari ateak zabaltzea. Guzti honek lotura zuzena du azken hilabete hauetan Madriletik inposatzen ari zaizkigun neurri eta murrizketekin.
Udalen finantza baliabideak eta eskuduntzak murrizteko asmo argia dute lege horren bidez. Madrilek udalak eta tokiko erakundeak “de facto” interbenitu nahi ditu beren funtzionamendua kontrolatzeko.
Praktikan, helburua tokiko erakundeak hustea da; gaur egun erakunde horiek dituzten eskuduntza asko ere desagertuko lirateke, eta beste batzuk murriztuko dira aipatutako zerbitzu eta baliabideen pribatizazio prozesuak errazagoak izateko.
Madrilek finkatutako helburu ekonomiko eta finantzieroak betetzen ez diren kasuetan, erakunde horiek diputazioek edo erkidego autonomoek interbenitzeko bidea irekitzen zaio. Madriletik jarritako irizpideak bete ezean, zerbitzuak pribatizatzeko bidean jarri nahi dira.
Era berean, zerbitzuak eta helburuak partekatzeko beste tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko gaitasuna nabarmen murrizten da. Horrela, mankomunitateen, partzuergoen, kontzejuen edo antzeko erakundeen etorkizuna kolokan dago. Tokiko erakundeei antolatzeko eta garatzeko gaitasuna ukatuko zaie.
Herritarrak ere kaltetuak izango dira, zerbitzu publikoetan eta prestazio sozialetan eragin zuzenak izango bait ditu legeak, bai kalitatean baina zerbitzu horien estaldura mailan. Zerbitzu okerragoak izango ditugu eta gainera murrizketek eragin zuzena izango dute udal plantilletan eta zerbitzu horiek emateko azpikontratatutako pertsonetan.
Pribatizazioa izango da erreformaren ondorio zuzena ere, ondorio baino, bilatzen den helburua. Ur hornikuntza, hiri hondakinen tratamendua… azken finean zerbitzu publikoen kudeaketa negozio pribatua bihurtu nahi dute. Hainbeste borrokaren bitartez lortu den ongizate mailari eraso zuzena suposatzen du legeak.
Udalek gure sare instituzionaleko eta Euskal Herria eraikitzeko oinarria osatzen dute, hiritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direlako, erabakiguneetan zuzenean parte hartzeko aukera eskaintzen zaielako herritarrei, proiektu, neurri eta politika propio eta hurbilak jada bultzatzeko eta garatzteko bidea zabaltzen dutelako… Lege honekin aukera guzti hauen ukazioa dator. gure sare instituzionala goitik behera aldatu nahi dute, gure herriko interesak, beharrak eta lehentasunak kontuan izan gabe. Gure sare instituzionalaren inguruko eztabaida hemen eman behar da, ez Madrilen.
-Berriro ere argiro azaltzen da etorkizunari begira herri honek bestelako eredu politiko, ekonomiko eta soziala behar duela. Erasoa larria da eta tamaina bereko erantzuna eman behar zaio, herri gisa erantzun behar da, gizartetik, esparru guztietatik, eragile politiko eta sozial guztietatik… Alderdikeriak eta norbanakoen interesak gainditu eta erantzun kolektibo eta orokorra eman behar zaio inposaketa berri honi.
Espainian eta Espainaren interesen arabera egindako legeak menpekotasunera kondenatzen gaitu… Egungo legedian oinarritzen diren bideak ez dute ibilbiderik. Gure bidean, herri honen borondatean izan behar du oinarria, herri honek duen erabakitzeko eskubidean. Eta udalen defentsan, udal politikan defentsan, aukera ona dugu norabide horretan urratsak emateko.
Beraz, Euskal Herri Bildutik dei zuzena egiten diegu lege honen ete bere ondorioen aurka dauden alderdi, sindikatu , eragile eta instituzioei indarrak bildu eta gure udalerriei egin nahi zaien erasoari aurre egiteko.