Alternatiban badakigu hasi berri dugun kurtso politikoa ez dela erraza izango, eta ez egoera ekonomikoarengatik, baizik eta gauzak aldatzeko gaitasuna dutenek, porrot egin duen eredua eraldatzeko asmorik ez dutelako. Hala, herritarrak pobretu, eskubideak murriztu eta elite ekonomikoen irabaziak bermatu dituzten politikak aplikatzera mugatu dira.
Jose Luis Bilbaok, berriz ere esan zuen atzo itxaropen izpiak ikusten dituela; PNVk bere egin nahi dituen izpiak. SuperSur bezalako azpiegitura erraldoiekin, beharrezkoak ez diren proiektuekin alegia, erabat hipotekatu gaituen alderdiaz ari gara, bizkaitarren hurrengo belaunaldiak ere zorpetu dituen alderdiari buruz. Enpleguaz hitz egiten dute, beren lanpostuengatik borrokan ari diren langileen kontra ertzainak bidaltzen dituzten bitartean; kirol talde pribatuei zergak barkatu egiten dizkien eskuma da, laguntza sozialak murrizten dituen berbera. Ezkerraldean langabezia tasa jasanezina egotearekin arazorik ez duen eskuma da ere, badakielako horrek lan baldintza prekarioak onartzeko prest egongo den jendetza sortzen duela, enpresariek atzo eskatu bezala, gutxieneko soldataren azpiko saria onartzeko prest dauden gazteak kasu.
Abenduan, 5 urte beteko dira Alternatiba abiatu genuenetik, eta larunbat honetako Batzarrean bere garaian aipatutako erronkei aurre egiten jarraitzeko erabaki garrantzitsuak hartuko ditugu. Tamalez, 2008an ezagunak genituen krisi eta menpekotasun desberdinak ditugu aurrean oraindik ere. Orduan esan genuen, ez ginela jaiotzen euskal politikari sigla berri bat ekartzeko, Euskal Herriko ezkerren arteko elkarlana sustatzeko baizik; ezker indartsua sortzeko, borroka sozialen eskutik ibiltzeko gai izango zena baina sistema eraldatzeko beharra erakundeetara ere eramango zuena; herri honetan eskuma osatzen duten PNVk, PPk, PSOEk eta UPNk ez dutelako arazorik gehien dutenen mesederako politikak onartzeko orduan.
Gure Batzarrak hartuko duen lehen erabaki nagusia Alternatibaren Koordinakunde Nazionala berritzea izango da. Unean uneko erabakiak hartzen dituen organo delegatua da, genero, lurralde eta erakundearen talde lanketaren parte-hartzeari dagozkion irizpide jakin batzuk bete behar dituena. 9 kide dira, erakundearen norabidea egunerokotasunean markatzeko lana eta militantzia eskainiko dutenak. Hiru urte bete dira egungo Koordinakunde Nazionala sortu zenetik eta, estatutuek, berritzeko unea dela zehazten dute, larunbatean itxiko dugun prozesuan. Horretarako, gutxienez hautagaitza bat izango dugu.
Eta une honetan, berriro ere, aurrera begiratu behar dugu datorren urteko Europako hauteskundeetan parte hartuko dugun erabakitzeko. Euskal Herrian ezker subiranista indartsua behar dugula diogun bezala, Gipuzkoako aldundia bezalako erakundeak gobernatu eta eraldatzen hasteko gai izan dena; Europa ere estrategikoa dela uste dugu; herrien burujabetza aldarrikatu ez ezik, ezker alternatiboaren aldeko apustua egiteko. Helburua ez baita indarrean dagoen sistema aldatzea, gainditzea baino. Herritar burujabeak behar ditugu, egungoarekin oso bestelakoa izango den Europa berria eraikitzeko. Hauek izango dira Alternatibaren parte-hartzeaz eztabaidatu eta erabakitzeko jorratuko ditugun ardatzak.
Gure azken erronka, Alternatibarentzat garrantzitsuena kurtso berriari begira, herritarrei dei egitea da erasoen aurrean geldi gera ez daitezela. Lan erreformaren, pentsioen murrizketen eta berzentralizazio frankista jarraitzen duten asmoen aurrean, jendeari aktibatzeko deia egiten diogu; kalera ateratzea ezinbestekoa da, laster egingo dugun bezala, ezarri nahi diguten abortuaren legearen aurka, emakumeen ugalketa eta sexu eskubideak iraganera bueltarazi nahi dituztelako. Eraso guzti horien eta bidean daudenen kontrako harresia altxatu behar dugu, etxean gelditzen diren gehiengo isilak aldarrikatzen dituztenen kontra; Herrialde Katalanetan egin bezala, erabakitzeko eskubidearen alde kalera atera diren ehunka milika herritarren ereduari jarraiki.
https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1265159_727619143922071_620574825_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/1270509_727618870588765_1546285585_o.jpg
https://scontent-a-cdg.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/1378602_727618863922099_1681924343_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1262627_727618873922098_1890108951_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/1262859_727619033922082_1131297732_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1040074_727619063922079_1938563950_o.jpg
https://scontent-b-cdg.xx.fbcdn.net/hphotos-ash3/1235973_727619057255413_96141940_n.jpg