Batzarrak hartutako lehen erabaki garrantzitsua gure Koordinakunde Nazional berriaren aukeraketa izan da, egunez eguneko erabakiak hartzen dituen organo delegatua. Alternatibaren estatutuek zehaztutako 3 urteak igaro ostean berritzen dira. Aurkeztutako hautagaitza aho batez onartu da.
Bederatzi kideetatik bi baino ez dira aurreko taldean aritu; gainerako zazpiak lehenengo aldiz arituko dira Alternatibaren zuzendaritzan. Bost emakume eta lau gizon dira, beren lana eta militantzia emango dutenak erakundearen epe laburrerako erabakiak hartzeko. Taldeak genero, lurralde eta erakundearen talde lanketaren parte-hartzeari dagozkion irizpideak betetzen ditu. Hala, Alternatibaren Koordinakunde Naziona berria honako lagunek osatzen dute: Aitor Miguel Quintana, Alba Fatuarte, Ane Paguey, Ayem Oskoz, Cristina Bereciartua, Diana Urrea, Jon Lasa, Jorge Segoviano eta Maite Elizondo.
Bigarrenik, herritarrak aktibatzera deitu nahi dituen kanpaina aurkezten dugu gaurkoan, Jose Saramagok duela hamar urte erabili zuen esaldi batetik abiatzen dena, eta erasoen aurrean erantzutera bultzatu nahi duena: “Badira bi superpotentzia: Bata kapitalismoa da, bestea zu. Aktibatu”. Izan ere, hainbat urte pasa dira finantzen burbuila lehertu zenetik eta klase herritarren kontra emandako erasorik bortitzenen aitzakia bilakatu da.
Bi hilabete barru, abenduan, 5 urte beteko dira Alternatiba jaio zenetik. Menperatzen gaituzten dominazio sistema desberdinen kontrako borrokan aurrera egitetik urrun, etsipenaren biktima izateko arriskuan gaude, eskumak aipatzen duen gehiengo isilen parte izateko. Horregatik, datozen hilabeteetan dugun erronkarik handiena herritarrei erasoen aurrean geldirik ez gelditzearen beharra helaraztea da. Erasoen, murrizketen eta menpekotasunen aurrean aktibatzeko unea da; zapaltzen gaituztenen eta erabakitzeko eskubidea ukatzen digutenen aurrean aktibatzeko.
Bilbon gaur bildutako Batzar Nazionalaren baitan eztabaida luzea izan ondoren Alternatibak 2014 urteko maiatzean egingo diren Europako hauteskundeetan parte hartzea erabaki du, Euskal Herria Bildu koalizioaren barruan eta bere baitan adostutako, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko direnak, Euskal Herritik haratago joan daitekeen koalizioaren osaketan eta ardatz programatikoetan.
Azkenik, Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko Egunaren harira, kalera ateratzera deitu nahi ditugu herritarrak, emakumeen oinarrizko eskubideen kontrako eraso berri baten aurrean gaudelako, emakumeon sexualitatearen eta amatasunaren gaineko erabakitzeko ahalmena urratu nahi duelako Gallardon ministroak Abortuaren Legearen erreformarekin, Zapateroren gobernuaren Epeen araberako legea baino atzerago doana. Ezarri nahi diguten zaintza, indarkeria patriarkalaren adibide larria da, eremu guztietatik erantzun beharrekoa.