Alternatibaren Bizkaiko koordinatzaile Asier Vegak herritarrei dei egin die Euskal Herriko kaleak betetzera atera daitezela, Euskal Herri osoko herri eta hirietan antolatutako elkarretaratzeetan parte hartzeko, gaur zein bihar, Herriraren aurkako operazioa salatu eta atxilotutako lagunei elkartasuna adierazteko.
Alternatibatik gogorarazi dutenez, Herrira kolektibo jakin baten eskubideen alde lan egitea beste deliturik ez du egin, Euskal Herriko preso politikoena, beren eskubideak behin eta berriz urratuak dituztenak eta salbuespen politikak pairatzen dituztenak, ez bakarrik beren osasun eta osotasunaren aurkakoak, beren senide eta lagunen aurka ere bai, Madrilek haien kontrako zigorrak ere ezartzen dituelako.
Vegak nabarmendu du nazioarteko eragile desberdinek aitortu dituztela urraketa horiek, Estrasburgotik hasi, NBEraino eta Nazioarteko Amnistiak ere. Guzti horregatik, ezinbestekotzat jo du “eragile sozial eta politiko guztiak aktibatzea, herritarrekin batera, Madrilek herri honetako bakea eta normalizazioaren bidea oztopatzea lortu ez dezan. Haien ustelkeriak, eskubide sozialen aurkako erasoak eta beren oinordetza frankista estaltzeko justizia erabiltzeari uzteko garaia dute.
Azkenik, ezkerreko alderditik beren elkartasun osoa adierazi diete atxilotuei zein erakundeari berari. Bihar ziren lotzekoak Alternatiba eta Herrira, euskal preso eta senideen eskubideen egoeraren eta datozen hilabetez begirako mobilizazioen berri emateko hain zuzen ere.