Alternatibako bozeramaile Asier Vegak salatu egin du Ertzaintzak atzo azaldutako jarrera Herriaren kontrako operazioaren harira egin ziren elkarretaratzeetan, izan ere, “inolako beharrik ez zutenean indarkeriaz aritu ziren espainiar Estatuaren botere gehiegikeriaren aurrean haserrea eta inpotentzia adierazten ari ziren herritarren kontra”. Hala, Vegak bereziki larritzat jo du “Amaiur Mendizabal senatariari bortizki oldartu izana, egoera baretu besterik egin nahi ez zuenean eraso baitzioten, bere akreditazioa eskuan zuen arren”.
Alternatibatik salatu dute Ertzaintzaren jarrerak “Guardia Zibilarekin Euskal Herrian kaosa zabaltzeko elkarlanean aritzeko inolako oztoporik izan ez duen Eusko Jaurlaritzaren jokabideari erantzuten” diola eta, horrexegatik, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuari exijitu dio bere kargutik berehala dimititzeko.
Talde ezkertiarreko bozeramaileak, halaber, Urkullu lehendakariari zuzendio dizkio hitza, “berriz ere galdetu behar diogu ea zein den armak bere herritarren kontra erabiltzeko inolako eragozpenik ez duen gobernu baten zoru etikoa”. Ildo horretatik, Vegak leporatu dio” egun batean, bere alderdiaren jaian, burujabetzaz hitz egitea eta, hurrengo egunean, erregimen espainiarraren morroi gisa jokatzea, Auzitegi Naizonala bezalako erakunde postfrankista batentzat bizkartzain lanak eginda”.
Azkenik, polizia autonomikoa desegitearen aldeko apustua egin du, “baldin eta bere papera boteretsuen mesedetara eta euskal herritarren kontra aritzea bada; elkartasun harresiak hautsi, beren lanpostuen defentsan ari diren langileak kaleratu eta Guardia Zibilaren kopia txarra izatera mugatuko bada”.