Bizkaiko Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari Gizarte Larrialdirako Laguntzak bermatzeko eskatu diote. EH Bilduk aurkeztutako ekimenak aurrera egin du eta Jaurlaritzari dei egiten dio “2013. urtean zehar jasoko diren Gizarte Larrialdietako Laguntzen eskaera guztiak asetzea berma dezala”. Horrez gain, “2014. urteko aurrekontu proiektuan, gutxienez, eskaera guztiak betetzeko diru-partida ziurta dezala” eskatzen dio.
Koalizioaren ekimenak PSEren babesa jaso du. EAJk eta PPk, ordea, ez dute neurriarekin bat egin eta abstenitu egin dira.
EH Bilduko batzarkide Amaia Agirresarobek “egindako hanka sartzea konpontzeko” eskatu dio EAJri eta Jaurlaritzak “dituen ardurak bere gain hartu” behar dituela nabarmendu du. “Orain udaletxeek euren poltsikotik jarri behar dute dirua gero zeta handiagoa den eskariari erantzun ahal izateko baina denek ezingo diete horri aurre egin”.
Gizarte Larrialdietarako laguntzak alokairua ordaintzeko, hipoteka ordaintzeko eta bizitzeko oinarrizkoak diren beharrak asetzeko zailtasunak dituztenei zuzentzen zaizkien laguntzak direla hartuta, Agirresarobek “arduragabekeria” gisa ezaugarritu du laguntzak eteteko Jaurlaritzaren erabakia. “Oraindik lau hilabete falta dira urtea amaitzeko eta laguntza eskatzen ari diren pertsonak ezin duten babesik gabe geratu”.
EH Bilduko batzarkideak EAJren jarrera salatu du “pobreziaren hazkundea eta gizarte bazterketa” sustatzen dutelako. Dena den, EAJren erabakiak ez du harritu “aukera izan duen bakoitzean murrizketei bide eman eta bultzatu dituelako”.