EH Bilduk Pertsona Fisikoen Gaineko Zerga (PFGZ) moldatzea eskatu du gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan “gehien dutenek gehiago ordaindu dezaten”. Zehazki, errenta irregularrei dagokien araudia moldatzeko eskaera da koalizioak aurkeztu duena eta errenta horiei aplikatzen zaien abantaila fiskalei muga bat jartzea proposatu du.
Araudiak errenta irregular gisa kontsideratzen ditu bi urte baino gehiagoko epean sortutako irabaziak edota denboran aldizkakotasunez lortu ez direnak. Irabazi pilatu horiei ez zaie PFGZren tipoa osorik aplikatzen, kopuruaren %50a edo %60a soilik, kasuaren arabera.
Asier Vega EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, errenta irregularren salbuspenak beharrezkoak dira. “Gainontzean, hainbat urtetan lan egindakoa urte bakarrean aitortzen bada, zergaren progresibotasunaren ondorioz, behar baino gehiago ordaindu beharko litzatekeelako. Hori gertatu ahalko litzateke, adibidez, finikitoekin”. Aldiz, Vegak nabarmendu duenez, egungo araudiak ez du inolako sabairik zehazten abantaila fiskal horretaz baliatu daitekeen diru kopuruari eta hala, Bizkaiko Aldundiak elusiorako zirrikitu garrantzitsu bat zabalik uzten duela salatu du. Hori dela eta, errenta irregular gisa aitortu daitekeenaren gehiegizko kopurua ezartzea proposatu du EH Bilduk eta muga hori 300.000 eurotan zehazteko ekimena eraman du Batzar Nagusietara.
Elusiorako bide denaren adibide gisa, elite kirolarien kasua aipatu du EH Bilduk, errenta irregular gisa tipifikatzen baitira eta ez dira osorik zergapetzen. Demagun beraz Bizkaian errenta aitorpena egiten duen futbolari profesional batek bi milioi euro irabazten dituela. Egungo araudia aplikatuz, kopuru horren erdiari ezarriko litzaioke soilik PFGZ. Hau da, milioi bat eurori. Aldiz, EH Bilduren proposamenarekin, salbuespena gehienez 300.000 euroko kopuruari aplikatuko litzaioke, eta beraz, 1.850.000 euro zergapetuko lirateke.