Alternatibako bozeramaile Asier Vegak bihar Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin du euskal presoen eskubideak aldarrikatu eta Herriraren kontra aste honetan eginiko operazio polizial “bortitza” salatzeko. Elkarretaratzea 17:30etan abiatuko da La Casillatik “Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde” lemapean.
Alternatibatik azpimarratu dute ezinbestekoa dela “herritarren borondateaz eginiko harresia eraikitzea, gatazkaren konponbidearen, normalizazioaren eta eskubide guztiak berrezartzearen alde, eskubide zibil, sozial eta politikoa guztiak euskal herritar ororentzat”. Hala, ezkerreko alderditik Euskal Herriko auzo eta hirietan “egunotan ikusten ari garen elkartasun itsasoaren tanta” izatera deitu dute, “Espainiako Erresumaren politika zapaltzaileen amaiera eskatzeko, gizarteak eskatzen duen prozesua oztopatzea besterik bilatzen ez duena”.