Euskal Herria Bilduk, Gunea osatzen duten sindikatuek eta eragile sozialek biharko deitutako manifestazioak masiboki bultzatzera deitu du gaur, “Pentsioen murrizketarik ez!” lemapean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñako kaleak zeharkatuko dituztenak, pentsiodunak are gehiago pobretuko dituen enegarren erreforma salatu eta Euskal Herriarentzat pentsioen sistema propioa aldarrikatzeko.
EHBildutik benetako aldaketa sozioekonomikoa gauzatzeko beharrezkoak diren tresna guztiak lortzeko beharra azpimarratu dute, zerbitzu publikoak eta aberastasunaren birbanaketa oinarrizko ardatz hartuta, gizartearen eraldaketa ahalbidetuko duena. Zentzu horretan, “oinarrizkoa” da pentsiodunen bizi baldintzak eta duintasuna bermatuko dituen pentsioen sistema publiko bat eraikitzea, murrizketen eta Madrildik datozkigun eraso etengabeei aurre egingo diona.
Pentsioek, koaliziotik ohartarazi dutenez, eraso ugari pairatu dituzte dagoeneko, erretiroaren adina atzeratzea, kobratutako kopuruen murrizketa kalkulatzeko oinarriak aldatuta, erosteko ahalmenaren galera prezioekiko lotura desagerraraztearen ondorioz eta bestelako neurriak ahulenei kalte egiten dizkietenak finantza sektorearen mesederako, izan ere, bankuak dira pentsioen pribatizazioaren atzean daudenak, haien negozioa zabaltzeko asmoz.
Hau guztia dela eta, EHBilduren ordezkariek Hegoaldeko lau hiriburuetako mobilizazioekin bat egingo dute, pentsioen sistemaren gaineko murrizketen kontra egin eta eredu propioa aldarrikatzeko.