EH Bilduk ziurtatu du Bizkaiko Foru Aldundiak erantzukizun zuzena duela Karraspion bultzatu duen hirigintza proiektuan. EAEko Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo duen proiektuarekin “garbi gelditu da ez duela bere ardura bete”. Horregatik, EH Bilduk Aldundiari erantzukizunak eskatuko dizkiola iragarri du.
Irune Soto bozeramailearen hitzetan, “Aldundiaren jarrera ulertzeko bi aukera daude bakarrik. Ilegalitate bat bultzatzen ari zela jakitun zen eta hortaz delitu baten erantzule litzateke edo bestela, elementu guztiak eskura izanda ere guztiz arduragabe jokatu du interes orokorren kontra. Aukera edozein dela ere, astakeria politiko honen aurrean norbaitek erantzun beharko du”.
Koalizioko kideek salatu dute Foru Aldundia enpresa eraikitzaile baten interes pribatuen alde aritu dela, interes orokorraren kaltetan, “nahiz eta proiektua ilegala zela erakusten zuten ebidentzien jakitun zen”. Asier Vega batzarkideak azpimarratu du Aldundiak “gogo bizia” erakutsi duela proiektua bultzatzerakoan. Aldundiak proiektua ahalik eta azkarren gauzatzeko asmoa erakutsi duela eta 2012ko aurrekontuetan diru partida gorde zuela gogorarazi du Vegak. “Zer dela eta halako grina legez kontrakoa den proiektua bultzatzeko? Zein interes ditu Aldundiak?” gaineratu du batzarkideak.
EH Bilduk ardura bereziki larria egotzi dio Foru Aldundiko Ingurumen sailari. Izan ere, Karraspioko inguru hori “ekosistemen hobekuntzarako eremu” gisa zehaztuta dagoen arren, Sotoren arabera, “Ingurumen sailak eremu hori babestu beharrean ingurua suntsitzen duen proiektua garatzeko baimena erraztu du”.
Eneritz Fernandez Mendexako zinegotziak gaineratu du EAJk, Aldundiak eta Mendexako Udalak azalpenak zor dizkietela herritarrei. “Haiengatik balitz, gure herriko eremu babestu hori suntsituta legoke, negozio pribatu baten mesedetan”.
Fernandezek ziurtatu du EAJ “behar faltsu bat” sortzen saiatu dela hondartza ondoko parkingarekin, “etxebizitzak eraikitzeak gutxi batzuentzako ekarriko zuten negozioa oharkabean burutu ahal izateko”.
EH Bilduk eskerrak eman nahi izan dizkie SOS Karraspio plataforman parte hartu duten herritarrei, “proiektu ilegal batek aurrera egitea galarazi dutelako”.