Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrinari buruz emandako epaia bake integralaren, elkarbizitza demokratikoaren eta giza eskubideen alde urratsak emateko aukera eta bultzada gisa hartu beharreko erabakia dela dio EH Bilduk, eta horren ildotik, irabazleen eta galtzaileen arteko dikotomia gainditzearen alde agertu da Legebiltzarrean. Pello Urizarrekin, Rebeka Uberarekin eta Oskar Matuterekin batera, Julen Arzuagak eskari zuzena egin dio horregatik espainiar Gobernuari, “mendeku eta errebantxa politikak baztertzeko eta presoekiko elkartasunaren kontra ez jotzeko”, alegia. Estatuak ere urratsak ematea behar-beharrezkoa dela adierazi eta gero, EH Bilduko legebiltzarkideak “Estrasburgoko Auzitegiaren epaia eta euskal gizartean aurkituko duen babesa mugitzeko” baliatu ditzala eskatu dio halaber Rajoyren Gobernuari, espetxe politika berria abiarazteko, baldintzak betetzen dituzten presoak kaleratzeko eta dispertsioa bertan behera uzteko.
Euskal herritarrek eta eragileek bakearen eta elkarbizitzaren alde erakutsitako jarrera eraikitzailea aintzat hartu du Arzuagak, eta horretan sakontzeko eskatzeaz gain, EH Bilduren eskua eskaini die norabide horretan urrats gehiago emateko. Horri jarraituz, Jaurlaritzak ere mugitu behar duela nabarmendu du, “olatua hartu eta arraunei elkarrekin ekiteko unea baita”, giza eskubide guztiak errespetatzea eta proiektu politiko guztiak gauzatzea ahalbidetuko duen eszenatoki batera iristeko.
Hala eta guztiz ere, legebiltzarkide abertzaleak ohartarazi du Estatuaren indarkeriak bere horretan jarraitzen duela, eta egunotan Madrilen egiten ari diren makroepaiketa politikoak ekarri ditu gogora horren harira. Hori dela eta, Arzuagaren iritziz, eragile politiko eta sozialek zein Jaurlaritzak aukera paregabea izango dute etzi Bilbon epaiketa horien kontra egingo den manifestazioan, eta horregatik dei orokorra egin du manifestazio horretan parte hartzera, “erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera” lelopean.