Diputazioak ostegun honetan 2014ko aurrekontuen proiektua aurkeztu zuen. Eduki nagusiak ezagunak dira, beraz. Gaurko agerraldian, sarrera gisako gogoeta honetan, Gipuzkoako egoera ekonomikoa abiapuntu gisa harturik, alderdi politiko guztiok daukagun ardura gogora ekartzea ez da debaldeko asmoa. Arduraz jokatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da.
Geroxeago ezagutu genuen EAJ, PSE eta PP alderdiek fiskalitate eta garapen ekonomikokorako itun bat sinatu dutela, eta berriki jakin dugu Gipuzkoan zerga politika aldatzeko kontra-erreforma batean gauzatzean datzala. Areago, sinatzailearen asmoa hiruren arteko ituna beste esparru batzuetara eramatea omen dela dirudi, eta horrela adierazi dute publikoki (Markel Olanok PNVko bozeramaleak adierazi duenari erreparatuta).
Bere garaian, EH Bilduk adierazi zuen itun hori gipuzkoarren nahi eta beharren antipodetan geratzen zela. Arlo fiskalean oso erregresiboa delako, alde batetik, eta PSEk eta PPk ez dutelako gaur egun errespetatzen erabakitze eskubidea. Jarrera bera daukate bakegintzan eta normalizazio politikoan, eman beharreko pausoak emateko prest agertzen ez direlako. Hortaz, gaur gaurkoz oso zaila da alderdi horiekin aurrerakoia edo demokratikoa den akordioa lortzerik.
Hori dela eta, azkeneko asteotan EH Bilduk behin baino gehiagotan gonbite zuzena egin dio EAJri, Gipuzkoak benetan behar dituen adostasunak lortzeko. Gipuzkoako eleduna den Joseba Egibarren ahotik, PNV aurtengo aurrekontuak negoziatzeko prest legokeela entzun berri dugu.
Prest gaude, eta gaurkoan gonbidapen horren berrespena egitera gatoz. Gipuzkoako krisi-egoera eta Euskal Herriak dituen erronka nagusiei helduta, jarrera eraikitzailea erakutsiko duten alderdi guztiekin aurrekontuak negoziatzeko prestutasuna adierazi nahi du EH Bilduk. Aldi berean, hurrengo egunetan akordioetarako baldintzak aztertzeko harremanak burutuko ditugula jakinarazi nahi dugu.
Saiakera honetan gogotik ahalegintzearekin batera, inolako baztertzerik ez dugula egingo adierazi nahi dugu, negoziaziorako abiapuntu bakarra aurkeztutako aurrekontuak eta bere edukiak izango direla garbi utzita. Aurrekontu sozialak, non pertsonen beharrak eta gizarte politika hartuko diren oinarritzat. Murrizketarik gabeko aurrekontu hauek beste garapen eredua sustatzeko eta beste Gipuzkoarantz begiratzeko abiapuntu egokiak dira. Hauek izango dira, ez bestreik, aurrekontuak negoziatzeko eramango ditugun oinarriak.