Jaurlaritzako sailburuek asteazkenean bukatu zuten 2014rako gobernuaren aurrekontu proposamena azaltzeko txanda. Azalpenak entzun ostean, prentsaurrekoa eman du gaur EH Bilduk. Dani Maeztu eta Oskar Matute legebiltzarkideak irmo adierazi dute koalizioaren iritzia: “beharrezkoak dira eta posible dira beste aurrekontu batzuk”. EH Bilduren iritziz, aurrekontuak beste tresna bat izan behar dira eskubide sozialak eta babes soziala bermatzeko eta zabaltzeko, eta gure industria ehunaren etorkizuna bermatzeko”. Azken helburu hori lortzeko, “ikuspuntu globalarekin egindako plana behar dugu, eta ez dago horrelakorik Jaurlaritzaren aurrekontuetan”.
Maeztuk eta Matutek larrialdi egoera deskribatu dute prentsaurrekoak: “185.000 langabetu, euretako erdia prestaziorik jaso gabe; 60.000 familia baino gehiago bere kide guztiekin langabezian; 350.000 pertsona bazterketa sozialeko arriskuan; eta gure gazteak kanpora atera behar dute lana topatzeko. Egoera larri horri aurre egiteko eta pertsonen duintasuna bermatzeko, aurrekontuek balio behar dute gure baliabide propio eta burujabeak sortzeko bidea egiteko”, azaldu dute. Horrez gain, adierazi dute aurrekontuetan beste gabezia nabarmena atzeman dutela: “ezinbestekoa da aurrekontuek enpleguaren eta industriaren etorkizunaren ikuspegi estrategikoa izatea, beti ere, eskualdeak oinarri hartuta. Uste dugu erakunde publikoek esku hartu behar dutela gure ekonomian oinarrizkoak diren sektoreen bideragarritasuna bermatze aldera”.
Ildo horretatik, koalizioak datorren astean aurkeztuko ditu proposamen zehatzak, “burujabetzaren ikuspuntutik egindakoak eta euskal gizartearen larrialdi egoerari benetan, eta ez paperean, aurre egiteko pentsatu direnak”. Aurreratu dutenaren arabera, estabilitate legeaz, kupoaz eta zor publikoaz hitz egingo dute proposamenok, hala nola, gure herriaren aurkako erasoak (LOMCE, udal-erreforma, pentsioen erreforma, kutxen bankarizazioa) ekiditeko ze neurri hartu ditzakegun aztertuko dute. “Azken finean –laburbildu dute-, bi ereduak elkarren aurrean jartzea izango da helburua. EH Bilduk defendatzen duen ereduan, behintzat, ez da lehentasuna bankuei zorra ordaintzea, AHTn dirua xahutzea edo arlo sozialetan (hezkuntza, osasuna eta enplegua) murrizketak egitea”.