Euskal gazteriak Legebiltzarreko jardun politikoan zuzenean parte hartzeko aukera izango du. Horretarako, ponentzia zehatza sortuko da Legebiltzarrean, gazteriaren arazo eta soluzioei buruz eztabaida egiteko. EH Bilduk eraman du proposamena ganberara. Diana Urrea legebiltzarkidearen iritziz, gazteek politikagintzan parte hartzeko beharrizana bistakoa den arren, errealitate bihurtzea iraultzailea ere litzateke. Ponentzia urtea bukatu baino lehen sortu da ganberako foro berri hori.
“Ulertzekoa da gazteek politikarekiko duten iritzi negatiboa. Izan ere, gazteen parte hartzea ezabatzeaz gain, klase politikoak neurri kapitalista eta patriarkalak hartzen dituenean, ez zaio rol aktiborik uzten. Gazteen aurka egiten da politika eta horrek eragin negatiboa du”, salatu du Urreak. Legebiltzarkideak eredu aldaketa bat aldarrikatu du, “justizia sozialean, gazteen parte hartze aktiboan, burujabetza eta genero ikuspegia barneratuko duena eta hartzen diren erabakiak loteslea izatea defendatzen dugu”. Izan ere, gaur egun eredu espainolaren menpe gaude, zeinak “euskal gazteen parte hartzea kriminalizatu egiten duen, Madrilgo salbuespeneko epaitegietara eramanez”, kritikatu du.
Urreak gazteen egoeraren diagnostiko sakona egin du eta bereziki azpimarratu du emakumeek pairatzen duten krisiaren kalte bikoitza. “Emakumeez ari bagara prekarietatea bikoitza da, murrizketa gehiago pairatzen dituzte eta egiten diren murrizketak kalte gehiago egiten die emakumeei. Gainera, langabezi tasa handiagoa dute”.
EH Bilduren iritziz, klase politikoren zati batek beldur handia dio gazteen enpoderamenduari, eta horregatik saiatzen deira parte hartze politikak oztopatzen. Ponentzia enpoderamendu horri lagunduko dio, “gazteek gazteentzat egindako hausnarketak izango dira, eta etorkizun politikoa diseinatzeko balio beharko du”.