Oskar Matutek inbertsio funtsa ere sortzeko eskatu dio Urkulluri, sektore estrategikoen bideragarritasuna bermatze aldera. Frantziar gobernua FagorBrandt salbatzeko neurriak hartzen ari dela gogora ekarri eta Jaurlaritzaren inakzioa salatu du, nora ezean dabilelako.
Fagor ixtearen ondorio larriez jabeturik, EH Bilduk Jaurlaritza busti dadila eta neurri zehatzak eta eraginkorrak har ditzala galdegin dio gaur lehendakariari, Fagorren egoera bideratzeari begira. Zehazki, Oskar Matutek Fagorren erreskate publikoa eskatu du, erakunde publikoek eta Kutxabankek, plan integral bati jarraituz, laguntza ekonomikoa eman dezatela, kooperatiba berri bat sortze aldera, lanpostuak eta Deba Goienako eta Basauriko etorkizuna bermatzearren. Izan ere, ohartarazi du, “ez da aski zaintza paliatiboak ematea, Jaurlaritzak egiten duen bezala, ehun industriala bertan behera erortzen ari den bitartean”.
Halaber, Kutxabankekin batera, elkarlanean, inbertsio funts publikoa sor dezala eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari, industria sektore estrategikoen bideragarritasuna ziurtatuko duen finantziazioa bermatzeko. Matutek dioenez, “marko legala aitzakiatzat hartzen dute ezer ez egiteko, baina marko legal horrexek Bankari 41.000 milioi euro ematea ahalbidetu du, eta %70a inoiz ez da berreskuratuko. Horregatik, ez Estatuaren aldetik, ez marko horren aldetik ezin dugulako ezer espero, ezinbestekoa da Jaurlaritzak lidergoa erakustea eta ausardiaz jokatzea”.
Matute, hala ere, kezkatuta agertu da, orain arte lehendakaria bera eta bere Gobernua nora ezean ibili direlako afera honetan, Fagorren arazoaren konponbidean modu erabakigarrian esku hartzeko ausardiarik gabe. Horren harira, EH Bilduren ordezkariak Jaurlaritzaren jokaera eta frantziar Gobernuarenarena kontrajarri ditu, Parisen neurri zehatzak hartzen ari baitira sektore publikotik FagorBrandt eta bertako lanpostuak salbatzeko. Hemen, ordea, “inakzioa nagusitu da Lakuako bulegoetan eta Gobernua nora ezean dabil, lidergorik eta estrategia argirik gabe, Fagorren egoera larriari nola heldu jakin gabe”.