Baliabideen fokalizazioan oinarritzen den enplegu plan bat aurkeztu du gaur EH Bildu Gasteizek. Udalerriko berpizte ekonomikoa helburua duen dozena bat neurri zehatz nabarmentzen dira 40 ekintza baino gehiagoren artean. Gasteizko errealitate sozioekonomikoa hobekien ezagutzen duten profesionalen aholkua jaso duen agiria, urteko lehen hiruhilekoan idazten hasi zen. Enpleguaren udla ponentziaren bitartez PPko gobernuak zein beste udal taldeek plana ezagutzen dute jada.
David Pina EHBilduko zinegotzi eta Alterantibako kideak azaldu duenez, “Gasteiztarrekin dugun konpromisoaren arabera, behartuta gaude ideiak modu positiboan plazaratzera, nahiz-eta jakin gure plana ez dela arazoa osotasunean konpontzeko giltza. Are gehiago, argi dagoenean PPren neurriek langabezia murrizteko eraginik ez dutela. Baliabideen fokalizazioan datza gakoa. Plangintza trinkoek ez dutela balio egiaztatu dugu, jakiteko zer egiten ari diren inguruko udalerriak bisitatu eta gero. Kalera jaitsiz eta auzoetarako zein industrialdeetarako berariaz diseinatutako planak eginez eta, bereziki, lan munduan sartzeko arazoak dituzten kolektiboei arreta berezia jarriz, lortzen ari da aurrerapausoak egitea.” Ildo horretatik, hainbat proposamenen artean, EH Bilduk zera proposatzen du: langabeziak oso gogor jo dituen auzo eta industrialdeetako beharrak landuko dituen aholkularitza udal bulego bat sortzea, udal diru-laguntzen truke zenbait lanpostu sortzeko konpromisoa hartzen dutenekin berariazko diru-laguntzak sinatzea eta lan munduan sartzeko arazo handiak dituzten gasteiztarrentzako (emakumeak, 30 urtetik beherakoak eta 45 urtetik gorakoak) programa bereziak burutzea.
Halaber, EH Bilduk honakook ere proposatu ditu: Udalak laguntzea udalerriko lehen sektoreko ekoizleen produktuak Gasteizen zuzeneko salmenta ahalbidetzeko, apirilean aurkeztutako Betoñoko Eraginkortasun Energetikoaren eta Energia Berriztagarrien parkea abian jartzea, baita natura eta bizitza osasuntsuaren gidarien zerbitzua eratzea ere.
Honakoak dira EH Bildu Gasteizen enplegu planean plazaratzen dituen neurri zehatzak:
1. Enplegua bideratzeko aholkularitza berariazko udal bulego bat sortzea.
2. Finantzaketa eta bermerako instituzio arteko funtsa abian jartzea.
3. Enplegu zuzena sortzeko helburu duten saltoki eta enpresekin hitzarmenak sinatzea.
4. Lan munduan sartzeko arazoak dituzten bizilagunekintzako programa bereziak.
5. Udalerriko enpresen artean Coworking programa.
6. Gasteizerako merkataritza mix bat zehaztea (Udalerriko lehentasunezko merkataritza ildo bat identifikatzea eta sustatzea).
7. Ikuskizun turistiko bat eratzeko lehiaketa publiko baten deialdia.
8. Natur eta bizitza osasuntsuaren udal gidariak.
9. Nazioartekotzeko salmenta gune bat ezartzea, ahaidetutako hiriekiko enplegu bekak eta azokak barne.
10. Lehen sektoreko merkaturatze bide laburrak indartzea.
11. Betoñoko Eraginkortasun Energetikoaren eta Energia Berriztagarrien parkea sortzea.
12. Merkataritza Elektronikoko plana abian jartzea.