Alternatibako kideak, Gizarte Politikako Diputatu, Ander Rodriguez eta Donostiako Udaleko Kooperazio zinegotzi, Jon Albizu Mendebaldeko Saharara joan dira, pasa den ekainean bi hilobi komunetan aurkitutako zortzi saharar gorpuzkinak idetifikatu ostean, haien familiakideei bueltatzeko ekitaldian parte hartzera.
Bihar beren senitartekoei emango zaizkie identifikatutako gorpuak lurralde liberatuetan egingo den ekitaldi berezi batean. Senideek lurra emango diete erritu islamiarraren araberako ehorzketa batean. Jon Albizu bertan izango da, lurralde liberatuetan den euskal ordezkaritza baten kide gisa. Albizuren esanetan ezinbesteko urratsa da hori justizia egiteko: “Oroimen historikoaren prozesu guztietan ezinbesteko urratsa da hori justizia egiteko, batez ere, giza eskubideen urraketa etengabeak izan direnean, Mendebaldeko Saharan gertatu den bezala”.
Aranzadik eta Hegoak abiatutako ikerketa bati esker aurkitu zituzten hobi komunak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Euskal Fondoak diruz babestu dute proiektua eta liburu batean jaso da aurkikuntza, dozenaka lekukotza jasoaz: Meheris, izan litekeen itxaropena.
Paco Etxeberria Aranzadiko kide eta auzitegi medikua, Carlos Beristain Hegoako kide eta antropologoa eta hainbat agintari saharar izango dira biharko ekitaldian. Ander Rodríguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak ere parte hartuko du, nazioarteko babes taldeekin batera. Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa ere gonbidatu dute senideek eta agintari sahararrek prozesuaren begirale izan dadin.
Gorpuzkiak senideei eman eta hilobiratzeko ekintza ofizialaren ondoren beste ekintza bat izango da, aurkitutako zortzi biktimei duintasuna eta oroitzapena aitortzekoa. Ondoren, Carlos M. Beristain eta Paco Etxeberriak Saharako fiskalarengana joko dute, aurkitutako hilobiei buruzko lekukotasuna eman eta gertaerei buruzko dokumentu ofizialak betetzeko pausuak emateko.
Jatorrizko testua irakurtzeko: Donostiako Udala