Alternatibak “LOTUZ Bizkaiko topaketak” egingo ditu bihar, larunbata, Lanestosan eta han bilduko dira ezkerreko erakundearen Bizkaiko asanbladetako ordezkari desberdinak. Ekitaldiak tokiko militantziaren inguruko hausnarketa izango du mahai gainean, “pertsonen eskubideak eta duintasuna urratzen dituen sistema bidegabearen aurka gure auzo, herri eta hirietatik nola aurre egin erabakitzeko”.
Alternatiba Lanestosak antolatu du ekitaldia, Enkarterrin lehenengo aldiz ospatuko direnak, Alternatiba eratzeko lehen bileratik bosgarren urteurrena betetzetik gertu. Alternatiba eta EHBilduko ordezkari ugari bertaratuko dira, hala nola Oskar Matute eta Diana Urrea parlamentariak, Asier Vega Bizkaiko batzarkidea, Luis Salgado Arabako batzarkidea eta herriko alkatea bera ere, Jose Angel Ranero, besteak beste. Aldi berean, erakundearen Koordinakunde Nazionaleko hainbat kide ere hurbilduko dira, Ayem Oskoz, Cristina Bereciartua, Jorge Segoviano eta Aitor Miguel Quintana kasu.
Ekitaldia, hasiera batean frontoian egin behar zena, azkenik eskolen eraikinean egingo da (frontoitik gertu) eguraldi-iragarpena dela eta, alkatearen harrerarekin eta Jonathan Martinez Alternatibako Bizkaiko bozeramailearen hitzaldiarekin hasiko da. Amaieran, aldiz, Oskar Matute bozeramaile nazionalak hartuko du hitza, 13:45ak aldera.
Batzar politikoaren ostean, Lanestosako Alternatibak trikipoteoa egingo du Kaiña-Bi Trikifarra taldearekin. Ondoren, herri bazkaria egingo da eta, arratsaldeko 17.30ak aldera, Koloño taldearen kontzertua izango da, plazan edo eskoletan, eguraldiaren arabera.