Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak lurralde kolektibitate berezitua osatzea aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute, larunbatean, Mauleko kaleetan, eta EH Bilduko ordezkariak bertan izango dira, aldarrikapen horrek onurak baino ez dizkielako ekarriko Iparraldeko herritarrei.
Frantziako estatua mehatxuak baino ez da egiten ari Iparraldean egituratuta duten elkarlanari, eta horri aurre egin ahal izateko tresna bakarra lurralde kolektibo berezitu bat eratzea da. Azken hilabeteetara bakarrik so eginez, hor daude, esaterako, Iparraldeko ikastolen inguruan sortutako auzia, Laborantza Ganberak pairatu behar izan duen jazarpena edo kantonamenduen antolaketa berrirako proposamenak ekarriko duen zatiketa oraindik eta handiagoa.
EH Bilduk uste du Lapurdi, Nafarroa Behereak eta Zuberoak lurralde elkargo berezitua osatzeak Iparraldeko herritarren borondateari eta ongizate nahiari erantzuten diola. Aldarrikapen bidezko eta zilegia da, hainbat arlotako politika bateratu propioak gauzatzeko bidea ematen duena. Hau da, Iparraldeko herritarren ongizatea bilatzen duen aldarrikapena da.
Horregatik guztiagatik, eta lurralde kolektibitate berezitua egituratzeak Iparraldearen burujabetzan ekarriko lukeen aurrerapausoarengatik, EH Bildu Mauleko kaleetan izango da hurrengo larunbatean, eta mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die euskal herritar guztiei.