EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Legebiltzarrak espainiar Gobernua prestatzen ari den Herritarren Segurtasunerako Legearen gaitzespena adierazteko. Izan ere, Barne Ministerioak bultzatutako lege aurreproiektuak oinarrizko eskubide eta askatasun demokratikoak urratzen ditu, eta urrats bat ematen du, beste bat, estatu polizial bat ezartzeari begira. Hori dela eta, Oskar Matutek sinatutako ekimenaren bidez EH Bilduk funtsezko eskubide eta askatasunak bermatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, bai eta berme demokratiko hori Ertzaintzaren protokoloetan islatzeko ere.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “Segurtasunerako Lege aurreproiektuak adierazpen, elkartze eta manifestazio eskubideen hondatze larria dakar eta adierazpen kritikoa kriminalizatu eta zigortu egiten du. Herritarren adostasuna eta desadostasuna adierazteko eskubide zilegia oztopatu eta jazartzen duen gizarte eredu batek ez du demokratikotzat jotzeko gutxieneko parametroak betetzen”.