“Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde” leloa hautatu dute Manifestazioa antolatu duten hamarnaka herri eragilek. EH Bilduk bat egiten du lelo horretan jasotzen diren aldarrikapenekin eta bere atxikimendu osoa adierazi nahi dio ekimen herritar honi.
Lotsagarria da UPNk Barcinak zuzentzen duen Gobernutik garatzen ari den hizkuntza politika. Ez du aski Vascuencearen Legean euskararen normalkuntza prozesuari inposatzen zaizkion muga ez demokratikoak mantentzearekin. Ez du aski milaka eta milaka nafar herritarren eskubideak urratzearekin. Ez du aski euskaraz ikasi eta bizitzearen alde egunetik egunera zabaltzen ari den eskaera sozialari bizkarra ematearekin. UPNk eta Barcinak urrats bat egin dute aurrera eta euskararen normalkuntzari oztopoak jartzetik euskara eta euskaldungoa erasotzera pasa dira. Euskaraz irakasten duten maisu maistren aurka ireki duten kriminalizazio ildoa euskaraz ikasi eta euskaraz bizi nahi duen komunitate osoari egiten zaion eraso zuzena da. Nafarroako jendarte osoari egiten zaion eraso guztiz ez demokratikoa. Faxismoaren garai ilunetara eramaten gaituen eraso onartezina.
Baina ez hori bakarrik. Euskara eta euskaraz bizi nahi duen komunitatearen aurkako mozkorraldi zigortzailea beste eremu batzuetara ere zabaltzen ari da. Ez da berria UPNk euskaraz komunikatzen duten hedabideen aurka duen obsesioa. Ezagunak dira tamalez Euskalerria Irratiari zor zaion legezko aitortza ukatzeko UPNk duen herra; baita ere bestelako hedabide euskaldunak ekonomikoki itotzeko erabiltzen duen estrategia. Eremu honetan ere beste jauzi bat egin nahi du Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoak erabakitakoaren aurka eginez. EITB bera jarri du bere erasoen jomugan, Nafarroako herritarrak telebista euskaraz ikusteko duten eskubidea zangopean hartuz. Eta azkena, Aek eta IKA-ri dirulaguntzak ukatzea izan da.
Ezin dugu ontzat eman behin eta berriz UPN Nafarroako jendartearen eskubide eta borondate demokratikoaren aurka Gobernatzen aritzea. Nafarroak ez du merezi Nafarroaren hizkuntzaren aurka gobernatzen ari den Gobernua. Aldatu egin behar da hizkuntza politika. Eskubide guztiei bide emateko. Nafarroaren hizkuntzaren normalizazioari ateak parez pare irekitzeko. Herritarren atxikimenduak eta konpromisoak ekarri du bizirik euskara XXI menderaino. Horregatik da ezinbestekoa euskararen alde kaleak betetzea. Abenduaren 14an Tafallan dugu hitzordua!!