Bizkaiko foru errepide sareko mantenu lanak esleitzeko kontratu batean garestitze nabarmenak adostu ditu Aldundiak, EH Bilduk jakitera eman duenez. Koalizioak salatu du Jose Luis Bilbaoren gobernuak ez duela inolako azalpenik eskaini Batzar Nagusien aurrean errepideen mantenurako hitzarmenean izan den garestitzeari buruz eta Itziar Garamendi Herrilan eta Garraio diputatuaren batzorderatzea eskatu du zergatiak argitu ditzan.
Sarea 4 enpresa elkartearen kasua da EH Bilduren kezka piztu duena. Bilbo metropoliko hainbat errepideren mantenu lanen ardura esleitu dio Aldundiak Sarea 4 enpresa elkarteari eta 2011an 31,6 milioi euro ordaintzea adostu bazen, aurten 18 milioi euro gehiago ordaintzea onartu du Bizkaiko Aldundiak. Hau da, %60ko garestitzea onartu du foru gobernuak.
Aitor Torre batzarkideak igoera nabarmena dela azpimarratu du. “Igoera oso esanguratsua da. Adibidez, aurten 6 milioi euro bideratzea aurreikusita bazegoen, azkenean 18 milioi euro ordainduko dira. Hasierakoaren hirukoitza”.
Aldundiak inolako azalpenik ez eman izana salatu du Torrek eta ohartarazi du errepideen finantziazioak Bizkaiko diru publikoaren geroz eta kopuru handiagoa xurgatzen duela. “Bizkaiko Aldundiak errepideen finantziazioan diru xahuketa arduragabea egiten jarraitzen du eta egoera aldatuko duten neurriak hartzeko garaia da. EH Bilduk errepideen mantenurako kontratuak berrikusi ditu gobernatzen duen tokian eta interes publikoaren kontrakoak ziren hitzarmenak bertan behera utzi ditu, diru publikoan 17 milioi euroko aurrezkia lortuz. Hori da Gipuzkoako Aldundiak Bidelanekin zituen kontratuen berrikuspenarekin lortu duen emaitza. EAJk eta Bizkaiko Foru Aldundiak, aldiz, Sarea 4 enpresa taldeari 18 milioi euro gehiago ordaintzea erabaki du inolako azalpenik eman gabe”.
EH Bilduk Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatuaren batzorderatze eskea erregistratu du gaur, errepideen mantenuarekin lotutako zenbait azalpen eman ditzan:
1. Errepideen mantenurako diru partidaren handitze nabarmena Aldundiak zergatik onartu duen.
2. Foru errepide sarearen kudeaketarako kontratatu diren enpresek jasoko dituzten irabaziak zehaztu ditzala.
3. Errepideen kudeaketa eta mantenurako kontratatu diren enpresei zuzentzen zaien diru kopurua murrizteko aurreikusten diren aurrezki neurriak.
4. Gerediaga-Elorrio errepidearen eraikuntzara urtero bideratuko diren diru kopuruak eta ordainduko den kopuru osoa zehaztu ditzala. Kontuan izanda, ezkutuko bidesari bidez finantzatuko dela.
Azkenik, EH Bilduk azpimarratu du errepideen finantziazioak Bizkaian eragiten duen “kostu arduragabeak” geroz eta zor handiagoa eragiten duela Bizkaiko kontuetan eta beste arlo batzuetako aurrekontuei kalte handia eragiten diela. “Errepideen finantziazioak sortzen duen geroz eta zulo handiagoak kontentzio neurriak behar ditu. Bizkaiak geroz eta behar sozial handiagoak ditu eta errepideen gastuak zaildu egiten du gizarte politiketara eta enplegu sorrerara bideratu beharreko partidak mantentzea. Gainera, hurrengo belaunaldia ere hipotekatzen ditu, 2042. urtera arte konprometitzen gaitu eta.” gaineratu du Torrek.
Hasierako hitzarmenean eta aurtengo moldaketan adostutako diru partiden xehetasunak
|
AURREIKUSITAKOA |
ERREALA |
GARESTITZEA |
2011 |
9.802.935,90 € |
9.802.935,90 € |
0,00 € |
2012 |
15.802.935,90 € |
16.234.636,37 € |
431.700,47 € |
2013 |
6.000.000,00 € |
18.207.762,21 € |
12.207.762,21 € |
2014 |
|
5.658.565,39 € |
5.658.565,39 € |
|
|
|
0,00 € |
|
31.605.871,80 € |
49.903.899,87 € |
18.298.028,07 € |